Estankona, kanten ehiztaria LemoAKUSTIKfesten

Estankona 18:00etan Kresala Tabernan arituko da LemoAKUSTIKfesten. 

ESTANKONA

Estankona Zantzoa Arratiako literatur taldeko kide izan zen gaztetxo zenean. Urte batzuk beranduago Iniezione sortu zuen beste bi lagunekin. Soinu eboluzio esanguratsu baten ostean izena aldatu zioten formazioari: Arean. 2004tik 2006ra bitartean, bi disko kaleratu zituzten eta hainbat zuzeneko eskaini. 2010ean, bakarlari ibilbidea hasi zuen. Geroztik, musikari desberdinen laguntza izan du eta hiru dira argitaratu dituen diskoak orain arte: “Estankona” (2011), “Fruitua” (2012) eta “Ardatza” (2015). “Oteizak artista ehiztaria dela esaten zuen, eta artelanak tranpak. Nik antzera ikusten dut kantagintza. Hunkitu zaituen bizipen bat kantu baten harrapatzea lortuz gero, bizipen hori, une hori, betierekoa bihurtzen da. Kantua jotzen hasi eta arratsalde hartako argiak bil zaitzake, maite izandako pertsona haren presentzia sentitu dezakezu, bere arroparen koloreak ikusi. Beste abesti bat jo eta, agian, gau bakarti hartan kokatzen zara, hutsune hura sentitu zenezake inguruan, etsipena nola duin bihurtu zenuen deskubritzen duzu berriz”, azaltzen du gitarra-jole arteaztarrak. Honela azaltzen du Estankonak akustikoek berarentzako duten esanahia: “Gitarra akustiko batez eta abestuz egiten dut nik kantua. Hau da sormenaren estadio magikoena eta adiktiboena niretzat. Hor sentitzen ditudan gauzak sentituko ez banitu ez nuke musikarik egingo. Atsegin dut bakarkako kontzertu akustikoak eskaintzea. Bandarekin alderatuz gero beste ñabardura mundu bat aurkitu liteke formatu honetan, finagoa. Kontzertuen aurretik barne isiltasun egoera bat lortzea komenigarria bada, bakarkako kontzertuetan derrigorrezkoa dela esango nuke. Berau, isiltasuna, baita soinuarekin ia proportzio berdinean kiribilduko den elementu espresiboa”.

 

 

KUSTIK

Advertisements