Atalak
UDALemoa [EUS]

Parte-hartzaileek oso positiboki baloratu dute “Lemoa pedalkadaka” erronka

Gehiago irakurri titularraren gainean klikatuz

PARTE-HARTZAILEEN ARTEAN BOST BIZIKLETA ZOZKETATU ETA OPARITU DIRA, ETA INKESTA EGIN ZAIE EKIMENAREN PARTE IZAN DIREN HERRITARREI. INKESTA HORREK HAINBAT DATU INTERESGARRI PLAZARATU DITU,  BAI ORAIN ARTE EGINDAKOAZ, BAI ETORKIZUNEAN EGIN DAITEZKEEN ERRONKEI BURUZ ERE.

Hirugarren urtez jarraian, Lemoako Udaletik kirolarekin lotutako erronka plazaratu zitzaien herritarrei 2021ari begira, helburu argi batekin: herritarren artean jarduera fisikoa eta ohitura osasuntsuak sustatzea. 2021eko erronka bizikleta gainean egin dute: hilabetero bost pertsonek bizikletaz 7 kilometro egin dituzte egunero, Lemoa abiapuntutzat hartuta. Behin erronka bukatuta, erabilitako bost bizikletak zozketatu eta irabazleek aste honetan jaso dituzte udaletxean.

“Herritarren ohituretan eragiteko gaitasuna daukate halako ekimenek. Kasu honetan, parte hartzaileek ikusi badute posible dela Lemoatik bizikletan aritzea, eroso badaude eta euren egunerokotasunean ohitura osasuntsu hau txertatzen badute, helburua sobera beteta egongo da” azaldu du Ioritz Fernandez Kirol zinegotziak.   

Erronkan parte hartu duten herritarrek inkesta bat osatzeko aukera izan dute. Inkesta horrek emaitza interesgarriak plazaratu ditu: alde batetik, gehienek uste dute Lemoa herri segurua dela bizikletan ibiltzeko, baina bidegorririk gabeko tarteetan, errepidera sartu behar izateak segurtasun eza eragiten du. Horrekin batera, parte-hartzaileen % 74k uste du bidegorriak egin beharko liratekeela.

Bestetik, bizikleta erabili duen % 65ek kotxearen erabilera gutxitu du, eta gehiengo batek  % 59k hain zuzen ere,  aisialdiko txirrindularitzat hartzen du bere burua; beste % 29k eguneroko txirrindularitzat, eta % 12k kirol txirrindularitzat.

Bizikletaren erabilera hobetzeko proposamenak ere egin dituzte herritarrek, hala-nola alboko herriekin konektatuta dauden bidegorri berriak sortzea, edo bizikleta publikoak Lemoan eskura izatea. Bizikleten erabilerarekin lotutako bi aspektu positibo eta beste bi negatibo nabarmentzerako orduan honako hauek aipatu dituzte:

Gehien aipatzen diren aspektu positiboak dira:

• Autoaren erabileraren murrizketa

• Ez du kutsatzen

• Jarduera fisiko osasuntsua da

• Dibertigarria eta familiarekin egiteko plan ona

• Azkar mugitzeko ibiltzearekin konparatuz

Gehien aipatzen diren aspektu negatiboak dira:

• Bidegorri gutxi

• Eguraldi txarra

• Segurtasun eza errepidean

• Denda batera iristen zarenean ez daukazu bizikleta seguru aparkatzeko aukerarik

Bukatzeko, aurtengo erronkari begira ekarpenak egiteko aukera eman zaienean, honako hauek aipatu dituzte:

• Orientazio erronka bat, Lemoako guneak eta historia ezagutzeko.

• Podometro erronka errepikatu

• Lemoa inguruan dauden mendietara igo

• Patinekin zeozer egin

• Sokara salto egin