Udala eta herritarrak, kultur eta aisi espazioak berrantolatzen

Herriko kultur ekintzak oso sakabanatuta egiten direla ikusirik, eta ekitaldi batzuk burutu ahal izateko espazio falta dagoela iritzita, Lemoako kultur eta aisi espazioak berrantolatzeko prozesua ipini du abian Udalak, kultur eragile eta herritarrekin batera.

zer-da-kultur

Maraka enpresa dinamizatzen ari den proiektuaren helburua herritarrei aisialdiko eta kulturako zerbitzuak eskainiko dizkien Abadetxea gune berria diseinatzea da. Izan ere, uztailean sinatutako akordio bati esker, Bilboko Gotzaindegiak Lemoako Udalari laga dio abade-etxea, kultur gune bihurtzeko.

Horretarako, lehenik, Lemoako egungo aisi-kultur egoera ulertu eta bertako eragileak ezagutuko dira, eta ondoren, aisi-kultur gune berria izango dena osatuko duten zerbitzuen definizioa burutuko da. Bukatzeko, diseinaturiko zerbitzu horiei erantzuna emango dien proiektu arkitektonikorako pliegoak idatziko dira.

Proiektua udal aisi-kultur arduradunak eta tokiko aisi-kultur eragileak konbinatzen dituen lan-talde gogotsuaren parte-hartzeaz garatuko da, eta lan-talde honi “Talde eragilea” izena eman zaio.

 

Faseak 

Prozesua fase ezberdinek osatzen dute. Uztailean Udalak, eragile batzuek eta Maraka enpresak bilera bat egin zuten prozesu osoa aurreikusteko eta egutegia planifikatzeko. Ordutik barne-lana egiten ibili dira eta hilabete honetan eragile ezberdinekin egingo da lana. Honako egutegi hau jarraituko da:

  • Irailak 22 osteguna, 19:00-20:30: aurkezpen-irekia.
  • Urriak 5 asteazkena, 18:00-21:00: talde eragilearen lehen lan-saioa.
  • Azaroak 9 asteazkena, 18:00-21:00: talde eragilearen bigarren lan-saioa.
  • Azaroak 16 asteazkena, 18:00-21:00: talde eragilearen hirugarren lan-saioa.
  • Abenduak 19 astelehena, 19:00-20:30: proiektuaren emaitzen aurkezpen-saioa.

Birplanteamendua ze espazioren inguruan egingo den oraindik ezin da jakin, prozesuak erakutsiko duen gauzetako bat delako. Guztiz irekita dago oraindik. Baina uztailean egin zen lehen lan-saio hartan Lemoako aisi-kultur errealitatearen mapa marraztu zen, eta aisi-kultur ekintzak 26 espazio ezberdinetan ematen direla identifikatu zen. Hala ere, gune printzipalak honako hauek direla esan daiteke: liburutegia eta ludoteka, Jubilatuen Etxearen gaineko aretoa, Elizondoko kultur gunea, eta orain, abade-etxea.

Herritarren parte-hartzea, ezinbestekoa

Herritarrek prozesuan parte-hartzea oinarrizkoa da. Hauen beharrizan eta nahietatik abiatuz definituko baitira espazioaren ezaugarriak. Izan ere, Udalaren ustez, ezinbestekoa da ezinbestekoa da lemoaztarrek herriko gune kultural ezberdinen antolaketa eta estrategiak aukeratu ahal izatea modu garden, demokratiko eta parte-hartzailean.

Hori dela eta, herritarren parte-hartzea bultzatzeko parte-hartze maila ezberdinak ezarri dira, norberak nahi edo ahal duen eran inplikatzeko eta denak eroso sentiarazteko. Hauek dira proiektuan parte-hartzeko jarritako bideak:

– Prozesuan zehar banatuko diren hiru eskuorri informatiboetan egongo den betetzeko atala osatuz.

– Lemoako Udalaren Lemoa mugikor aplikazioa erabiliz.

– “Talde eragilea” delakoaren kide eginez.

– Irailak 22ko batzar irekira eta abenduak 19ko aurkezpen saioetara joanez.

Advertisements