VII. narrazio lehiaketaren 1. saria: “Iparralde urruneko hartzei buruz”. | 1er premio del concurso de narraciones.

IPARRALDE URRUNEKO HARTZEEI BURUZ

IPARRALDE URRUNEKO HARTZEI BURUZ.

Kaixo, zer moduz? Ez dakit zergatik, zeren karietara, arean aspertuta nagoelako, baina errealitatea da ustekabeko bulkada bat etorri zaidala gaur, sekretu bat kontatzekoa hain zuzen. Beraz, isilpeko gauza bat jakinaraziko dizuet, betiere ongi gordez gero, eta beste inori ez esateko baldintzapean, ados? Agian ez duzue sinetsiko, izatez nahiko zera sinesgaitza delako, baina egia biribila da, zin dagizuet.

Gaia ipar poloko hartzak dira, ur hotzetan beldurrik gabe pulunpatu eta igeri egiteko gai diren bostehun kilo inguruko ugaztun haragijaleak, Ursus maritimus latinezko izen bitxia duten plantigradoak alegia, Nanook deitutakoak inuiten hizkuntzan. Ezen jakingo duzuenez, eta bestela nik argituko dizuet, hartzak ipar poloan bizi dira, eta hego poloan ez dago batere hartzik. Azken honetan, hegaldatzerik ez duten hegazti arraroak bai, badaude, pinguinoak hain justu, aireratzen diren beste hegazti mota frankorekin batera, itsas lehoiak eta itsas txakurrak ere bai, erruz omen daude hego poloan, hamaika eratako arrainak bezala, baina hartzik ez ordea.

Eta kontua da, ipar poloko hartz zuri xarmant alimalekoak ez direla benetan zuriak, arrosa marradunak baizik, baino hagitz jende gutxik dakiela. Eta galdetuko duzue noski, arrazoi osoz, nola dakit nik hori, ipar poloko hartzak zuriak ez direla? Ba, aspaldi ezagutu nuen ipar lurburuko hartz batek aitortu zidalako, bai eta erakutsi ere.

Zehazki, orain dela hiru urteko udan jazo zen. Hantxe nengoen ni, oporretan, Mediterraneo itsasoaren ertzeko hondartza sano luzea zuen herrixka txiki batean, urtaro beroan bisitari uholdea jasota biztanle kopurua biderkatzen duten horietakoa, sapak itota. Emaztea eta seme-alabak pozarren zebiltzan urertzeko hareatzaren eta urbanizazio pribatuko igerilekuaren artean, eguzkitan beltzarantzen eta uretan beratzen tai gabe, baina nik ostera gaizki neraman egoera. Izan ere, igerian ez dakidanez zeharo pastikatzen nintzen, herrixka hartan eguzki izpien pean kiskaltzeaz aparte ez baitzegoen bestelako aukerarik aisialdiari etekina ateratzeko, eta egun batean alferrik ibili nintzen tabernaz taberna Athleticen partida emango zuen telebista baten bila. Halaber, utzia ziguten apartamentuan ez zegoen aire egokiturik eta beroa kanpoan bezain nabarmena zen. Ondorioz, izerdia azaleko xularme guztietatik uneoro isuri bitartean, eguneko hogeita lau orduetan zelako sargori kriminala egiten zuen pentsatu beste zereginik ez nuen.

Eguerdi batean, bazkaltzeko ordua baino lehen sendia hondartzan laga eta handik ospa egin ostean, edaritegi baten barruan nengoen aterpea hartuta, eki ankerretik ihesi eta azpiratzen ninduen goha garagardo hotz bat dastatuz arindu guran, horrelako une alferretan atera ohi dudan sakelako telefonoaren pantaila nabarra arakatzeko ere gogo barik. Eta hartan nengoela, hara non leihotik so eginda hartz zuri handi bat begiztatu nuen kaleko espaloian oinez, animalia horiek lau hankatan ibiltzean berezkoa duten ipurtaldearen kulunka harmoniatsuaz, eraikin bateko hormari atxikita zihoana itzalaren xerka, eta tabernarantz zetorrena. Txundituta geratu nintzen, hartz erraldoia gero eta gehiago hurbiltzen ari zela ikusten, poliki baina artez nengoen lokalerantz, eta ni zurtuta begira, erreakzionatzeko adorerik gabe, basamortuari buruzko filmetan aktoreek jasaten dituzten haluzinazio horietako baten mende nengoelakoan.

Horrela, aurki establezimenduko kristalezko ateraino iritsi, muturraz bultzatu, eta sarrera gainditu zuen hartzak, lasai-lasai. Izua segituan hedatu zen barnean geunden bezero harrituen artean jakina, eta batzuk arin igo ziren mahaien gainera, toki segurua  balitz bezala. Denok isilik eta kezka bisaiaz erreparatzen genion basapiztia arriskutsuari, atezuan geundela, ihes egiten saiatuz gero oldartu eta horzkadaka ekingo zigulakoan, eta hordi ahotseko batek, sinetsi ezinda, gehiegizko edanari egotzi zion bistaratutako irudia. Aitzitik heldu berria, patxada osoz eta aho zabalik geunden ikusle kuxkuxerooi jaramonik egiteke, barrara inguratu, atzeko bi hanken gainean tente jarri, eta banku altu batean eseri zen, nigandik metro eta erdira, haizagailu birakariaren eragin eremu atseginean kokatuz. Eta ni kirioak dantzan, larderiaz dardarka.

Ezustean begirada altxatu, eta tabernari ikaratuari hizketan hasi zitzaion pataria, gaztelania traketsean, jatorria Europako iparraldean duten turistek darabiltenaren antzeko mintza-doinu ozenez. Horrela, oles egin eta sorbaldatik uhal batez eskegita zeraman diru-zorroa erakutsiz, zerbeza pitxer eskerga eta hotz bat eskatu zuen. Hura bai ezin nuela sinestatu, leku hartan guztiz tokiz kanpo zegoen hartz errari eta bierazale bat berbetan! Balizko haluzinazio baten mende egon nintekeela gogoratzean pitin bat sosegatu nintzen behintzat, minik nozituko ez nuelakoan. Eta arreta jarrita, pareko piztia arrotza izerdi patsetan zegoela ohartu nintzen, neurrigabeko beroak abailduta oso, nire moduan.

Dardarizoen astinduak jasaten ari zen ostalariak ateratako garagardoa begiztatu bezain laster, doitasun miragarriz pitxerraren heldulekua eskuin atzaparraz atzitu, goratu, zurrut luzea egin, eta erabat hustu zuen txarro jelatua. Beste bat galdatzeaz batera hasperen egin, barraren gainetik atzemandako paperezko ezpainzapi pare batez kopetako izerdi tanta ugariak lehortu, niri behatu, eta solas egiteari lotu zitzaion hartza, hango goha jasangaitza zela adieraziz, larriminez eta suminduta zegoela.

Horrela, alkoholaren eraginpe gozoan taberna-zuloetako bezero berdotzek sarri alboko ezezagunei barne-barnetik irtendako aitortzak egiteko izaten duten apetari jarraiki, piztiak azaldu zidan bere jaioterrian giro hozkirria zegoela beti, pasaia zuri eder baina mudaezina zegoela, zeruaren eta itsas ordokiko uraren tonalitate urdin anitzek baizik urratzen ez zutena, arrunt aspergarria. Horri hilabete luzeetako egun argitsuen eta hilabete luzeetako gau ilunen aldiroko txandakatze irmoa gehitu behar zitzaion gainera, zeharo aro errepikatua hortaz. Horregatik, paisaia aldagaitz harekin nazkatuta, eta aldizkari koloretsu batean kausitutako argazki liluragarriak gomutan, mundura jalgi eta txoko haboro ezagutu nahi zituela ebatzi zuen, bakantzak merezi zituelakoan. Erabaki eta ekin, gertuen zegoen aireportuz hornitutako hiri koxkorrera joan, eta hegoalde eguzkitsurantz abiatzekoa zen lehenengo hegazkinean egokitu zen, ez baitzitzaion axola leku batean edo bestean amaitzea.

Horrela ailegatu zen, halabeharrez, izerditan estu nengoen kostaldeko herritxo kiskali malapartatu hartara. Haatik berehala damutu zen haraino bidaiatu izanaz, ezen ez zitzaion batere gustatu aurkitu zuena. Hasieratik ezeroso sentiarazi zuen abegi egin zion bero zapladak, ernegagarria egin zitzaion etengabeko hozbero altua, nekatuta eta hauts eginda zebilela uneoro. Arnasa hartzearen ekintza hutsa ere nekeza zitzaion, lo ordu gutxiegiz egiten zuen, eltxo burrunbari odol-goseen ziztadek atergabe zauritzen zuten, eta ur gazi epeletan murgilduta ere ez zen freskatzen. Halaber, buruko mina pizten zion ortzi egunero oskarbiko pilota beilegiak gupidarik gabe sortutako argitasun bortitzak, begiak itxiarazten zizkiona, arras aztoratzen zuen eta betaurreko ilunak erabili behar zituen ezinbestean. Izan ere, ez zegoen ohituta horrelako distirak eta tenperaturak pairatzera, bere sorterriak berezkoak baitzituen hotza, lainoa, elurra eta izotza, eta ezin zen moldatu.

Miretsita entzun nituen aitorpen haiek guztiak, amets edo eldarnio absurdu baten barruan nengoelakoan, baina nozitutako alamen astuna gorabehera, bero zakarraren ondorioz birrinduta zegoen izaki goibel dohakabe harekin lotzen ninduen elkartasun sentimenduak hunkituta eta berarekin errukituta. Horrenbestez, izua amiñi bat apalduta brau bota nion, lagundu nahian eta itzulingururik gabe, garunean ernatu zitzaidan ideia zoragarria. Hots, ez zegoela oinazetan higatzeko ziorik, eta beraz, hain latza bazitzaion sargoria, ondoezik ere jartzen zuena, zergatik ez zuen larru zuri lodia eranzten?

Estonatuta geratu zen hartz mintzaidea adierazi berri niona adituta, mutu eta oldozkor, jasotako hitzak mamurtzen edo. Segundo batzuetara xuxurlatu zidan lotsa ematen ziola biluzteak, itxura barregarria izango zuelako. Alabaina, hango gizaki izerditu gehienok dotorezia arrastorik gabeko kamiseta, bainujantzi eta txinal merke itsusiz beztituta geundela konturatzean hobeto hausnartu, eta zuzen nengoela jaulki zuen. Horrela bada, kemena bilduta zutitu, eta aurrealdeko atzapar zorrotzak altxatuz aurpegia estaltzen zion katamaloa kendu zuen, hurrena aitzineko hankak libratu zituen pixkanaka soineko iletsu loditik, larrua beherantz jaisten segitu, eta narru bizitan geratu zen.

Han agertu zen ene parean, antzaldatuta, hartz garai argal arrosa margoko pinpirin bat, apur bat ilunagoak ziren marra horizontalez apainduta, isuritako izerdi kopuru oparoaren erruz besteoi baino kirats nabarmen higuingarriagoa zeriola. Bisaian irribarre zabala zuen marraztuta, gorputza estutu eta azkura eragiteaz gain bero sentipena areagotu eta tankera gizena ematen zion burusi irazgaitzetik aske sumatzean bareago, suspertuta eta aholkuagatik eskerdun.

Anartean aho bete hortz geratu ginen han geunden gizaki guztiok, begi arranpaloez genekusan patari larrugorrituaren irudia barneratu ezinik, sinesgogor. Lotseriaz geunden artean, eta aho-zuloan igartzen genizkion ebakortz nahiz letagin zorrotzak erne zaintzen genituen, eite xelebreko basanimaliari adarra jotzeko edo algaratan lehertzeko gure gogoa bridatuz, badaezpada ere.

Eta horrela bada, pasadizo estrainio horren bitartez ikasi nuen ludiaren goi muturreko hartzak ez direla zuriak, eremu hormatu haietako bizilagunak eta beste bakan batzuk alde batera utzita pertsona gehienek uste duten eran, baizik eta beroki zuri lodiaren azpian arrosa argi kolorekoa dutela azala, ezkerretik eskuinerako lerro ilunagoekin.

Halere, tamalez zuek ez duzue horrelakorik begietsiko, abioi batean eroso jesarrita mundu-bolaren goiko erpina zapaltzera jotzen ez baduzue bederen. Eta hau eginda ere zaila izango litzateke, larru zuria elurzuloetako intimitatean eranzten baitute soilik, ez pentsa gero ipar poloko zoru zuriaren gainean biluzik dabiltzanik, dagoen hozbero amilduaz gain harro baitaude euren larruazal lodi bikainaz, eta laket zaie denei erakustea.

Azken finean, Mediterraneoaren bazterreko saparekin gogaituta iparraldeko lei eta izozmendien arteko babesgune elurtu kutunera itzuli zen hartza, mara-mara erortzen diren malutez, txingorraz, haize ufada gogorrez, bisutsaz nahiz geruza betiereko zuriaz gozatzera. Orobat, gerora gutun bidez aditzera eman zidanez, sorterriko lagun eta adiskide oro ohartarazi zuen Europaren hegoalde urruneko lurraldeetan egiten duen bero pairaezinaz, hara ez bidaiatzeko gomendatuz.

Geroztik askotan gogoratzen naiz Mediterraneo itsasoaren mendebaldean zegoen herrixka galdu batean kasualitatez ezagutu nuen hartz adeitsu harekin, eta otutzen zait ozono geruzan omen dagoen zuloaren eta klima aldaketaren poderioz iparralde urruneko tenperatura igoko dela, elurra nahiz izotza urtuko direla derrigorrean, eta azken finean, atsekabez pentsatzen dut itzelezko hondamendia gertatuko dela hango izaki ororentzat, baita gainerako guztiontzat ere.

 

 Amaiera

 

 

Advertisements