VII. narrazio lehiaketaren Lemoako 1. saria: “Izarren Hautsa”. | 1er premio de Lemoa del concurso de narraciones.

Izarren hautsa

 

IZARREN HAUTSA

“ Haizeak eramango duen errautsa garelako…´´

Jaio, hazi, ugaldu eta hil. Bizitzak funtsezko lau fase zentzugabe dituela ikasi dugu txikitatik. Zer da bizitza?, Zertarako?, Zer dago haratago? Historian zehar erantzunik lortu ez duten galdera filosofikoak. Bizitza noizbait amaituko den tortura amaigabea. Ironikoa gertatzen zait derrigorra den gauza bakarra hiltzea dela jakitea. Egun batean dena bukatu, eta zer? Zerua, infernua, paradisua… Batek daki. Zure bidean oztopo bat gurutzatu eta c´ est fini. Lurrean gauden denbora baino ez garela uste dut nik. Tic, tac, tic, tac,tic,tac… segundoak, minutuak, orduak aurrera. Azken arnasa botatzeko momentutik gero eta hurbilago. Bat-batean zoriontasunaren bidean zoazela gainera datorkizu heriotza. Zapaldu egin nau, azpian nago baina ez nago hilda. Badakit bizirik nagoela min izugarria sentitzen baitut, ezin dut ia arnasarik hartu, mundu hau utzi behar dudan susmoa dut. Iluntasunean argi dirdira antzeman dut eta bertarantz bultzatu nau norbaitek. Ez dakit non nagoen. Dena bukatu da.

Izerditan blai esnatu nintzen ohetik. Korrika abiatu nintzen komunera eta kisketaz itxi nuen atea. Argiak bihotzeko taupadak mantsotzen lagundu zidan. Sakon hartu nuen arnas, ahalik eta gehien bete nituen birikak eta airea barnean eutsi nuen. Norbait ate joka ibiliko balitz bezala entzuten nituen taupadak. Arnasa bota nuen astiro-astiro. Aurpegia urez busti nuen eta niri begira norbait zegoela konturatu nintzen. Berarengana hurbildu eta bera ere nigana zetorkidala ikusi nuen. Errukiz begira gelditu zitzaidan, hitzik erabili gabe  “ Ondo zaude? ´´  galdetu zidan. Ez nuen tipo hura ezagutzen, ez nekien nor zen. Izugarrizko begi-zuloak zituen nekatu itxura ematen ziotenak. Pertsona hura ezin nintzen ni neu izan. Berehala ispilutik urruntzeko beharra sentitu nuen. Argia itzali eta logelara bueltatu nintzen. Iratzargailuari egin nion so. Goizaldeko lau eta erdiak. Leihoa zabaldu eta ingurua aztertu nuen. Liluraturik geratu nintzen ilargiaren distirarekin. Hor zegoen esfera perfektua, milaka puntu argitsuz inguraturik, gaueko iluntasun beldurgarria argitzen. Kalean ez zebilen inor. Isiltasunaren doinua dastatu nuen momentu batez. Haize leunak, hego haize gozoak, zuhaitzetako hostoak mugitzen zituen erritmikoki. Leihoa itxi eta ohera sartu nintzen berriz. Ez nengoen eroso, izan ere oso urduri nengoen. Sabelean korapilo bat nuen eta ezin nuen lorik egin. Bueltaka hasi nintzen, egunsentiaren zain. Ez nuen lorik egin nahi, banekien amesgaiztoak niri itxaroten zebiltzala. Tortura hori bukatu nahi nuen, barneko Ni garaitu. Orduantxe konturatu nintzen gure etsai handiena gu geu garela.

**********

Esnatu nintzenean Martini begiratu nion. Lo zerraldo zegoen, ohea guztiz deseginda zegoen eta maindireak lurrean botata. Itxura tamalgarria zuen, pena handia ematen zidan horrela ikusteak. Bere gorputza aztertu nuen momentu batez. Gero eta argalago zegoen, gero eta  xurgatuago. Gau hartan berriro izan zuen amesgaizto bera. Denbora luzez egon zen ohean hara eta hona loak hartu ezinik. Gauza bera gertatzen zitzaion hamaikagarren aldia zen eta ordurako ohituta nengoen. Erabat hunkitzen ninduen horrela sufritzen ikusteak. Arazo benetan larria zen. Oraindik gogoan dut gertatu zitzaion lehen aldia. Orain dela bost hilabete inguru izan zen, niretzat gelakide ezezagun bat besterik ez zen garaian. Heldu zen lehen egunean zerbait berezia antzeman nion nire lagun min izango zenari. Mutil garaia zen, baina gorputz ahulekoa. Gaixotasunaren ondorio zuzena behar zuen. Ilehori kizkurra zeukan eta  masailean orbain handi eta sakon bat. Oso aurpegi zurbila zekarren bere gurasoekin batera atetik lehen aldiz sartu zenean.
– Aupa, ni Jon naiz.- esan nion lotsati zer esan ez nekiela.

Berak ez zidan ezer esan, lurrera begiratuz. Beste mundu batean zegoela iruditu zitzaidan.
– Ez diozu ezer esan behar, Martintxo? Agurtu egin zaitu.

Ama behar zuen emakume haren hitzetan ez zegoen errieta egiteko asmorik. Hitz urratuak ziren, minez josiak. Bere semeagatik txarto pasatzen ari zela nabarmena zen. Bostekoa eman nion nire gelakideari. Eskua hotz zeukan, izoztuta.  Nire adinekoa izango zela pentsatu nuen, geroago kontatu zidan hamahiru urte zituela, nik baino bat gutxiago alegia. Begietara begiratu nionean bertan galdu nintzen, bere begiradaren labirintoan. Tristura, etsipena, itxaropen eza transmititu zidaten kristalezko esfera urdin horiek. Aurrez-aurre zegoen baina oso urrun nabari nuen. Hotzikara batek gorputza goitik-behera zeharkatu zidan. Gau eta egun bere lagun egiten saiatu nintzen, baina nahiz eta elkar errespetatu eta ondo konpondu, ez nuen bere berotasuna sentitzen. Benetako lagun baten eskaintzen dizun elkartasun eta hurbiltasunaren hutsunea nabari nuen. Ezkutuko zerbait zeukan barnean, ezkutuko sekreturen bat besteengana hurbiltzen usten ez ziona. Egoera erabat aldatu zen eta inoiz izan dudan lagun handiena bihurtu zen bere barnean zeukan guztia askatzeko gai izan zen unean. Ezagutu eta hiru aste ingurura gertatu zen.

Gauerdia zen eta lo nengoen gozo-gozo. Bat-batean oihu batek ohetik altxarazi ninduen ikaratuta. Ez zen oihu normal bat izan. Zarata beldurgarria izan zen, infernutik zetorren irrintzia. Begiak zabaldu nituenean, bihotzekoak eman zidan ia-ia. Martin zutik zegoen nire oherantz begira. Geldi-geldi. Atzamar erakuslea sabairantz zuzendu zuen, norbait zegoela adieraziz, arnasa arintzen zitzaion bitartean. Izualdi krisi bat pairatzen zegoela iruditu zitzaidan. Bat- batean oihuka hasi zen eta burua hormaren aurka astindu zuen behin eta berriro, hau kolore gorriz margotuz. Sorbaldatik heldu nion eta gelditu egin nuen.

– Zertan ari haiz Martin?? Txoratu egin haiz ala?? Odoletan zagok!!
– Dena amaitu da!!! Badator, badator!!!
– Nor baina?? Amesgaizto bat izan duk motel. Nirekin zagok logelan, gu bakarrik gaudek hemen!
– Heriotza… gurekin zagok, edonon, edozein momentutan, ezin diagu ihesi egin.

Esaten zuenak erabat ikaratu ninduen. Bere onetik aterata zegoen eta aurpegia ubelduraz josia zuen. Lasaitzeko agindu nion behin eta berriz baina estu jarraitzen zuen begiak zabal-zabalik zituelarik. Brastakoan, negarrez hasi zen.

– Zer gertatzen zaik?- galdetu nion kontsolatzeko sorbalda laztantzen nion bitartean.
– Non zeudek nire gurasoak Jon?? Non zeudek??- arnasa azkartu zitzaion berriz, negar zotinka.
– Ez al haiz gogoratzen ala? Gurekin egon dituk arratsaldean, kartetan ibili gaituk batera.
– Nire… nire…. benetako gurasoak dioat. Non dituk Jon?? Haiekin egon nahi duat, esaidak non dituan mesedez.
– Zertaz ari haiz Martin? Ez diat ezer ulertzen.
– Eraman egin ditiztek, eraman. Bakarrik utzi nautek munduan. Ez daudek hemen eta ez dituk inoiz bueltatuko!

Ez nekien zertaz ari zitzaidan. Baina zioenak dardara bat sortu zidan gorputz osoan. Harrigarriena eta beldurgarriena ,halere, lo zegoela zen. Bistakoa zen ez zuela bere ekintzen kontrola. Lasaitzen saiatzen ari nintzela, begiak zuri-zuri jarri zituen, begi- niniak desagerraraziz. Gero eta ikaratuago nengoen, deabruak hartua zegoela baitzirudien. Oihuka hasi zen esaldi ulertezinak esanez. Gero eta gauza arraroagoak gero eta ozenago. Laster sartu ziren logelan bi mediku lasaigarri bat eman ziotenak lo uzteko. Eguerdi inguruan, esnatu zenean, ez zuen ezer gogoratzen. Min izugarria sentitzen zuen aurpegian egindako zaurien ondorioz. Bere oherantz hurbildu nintzen.

– Hobeto al hago gaur? ez dakik zelako gaua pasatu duan.
– Sentitzen duat izorratu bahaitut. Ez zekiat zer gertatu zaidaan…
– Gainera oso arraroa izan duk guztia. Erabat onetik aterata hengoen Martin,hire gurasoak ez dituala hireak errepikatuz behin eta berriz eta benetakoek bakarrik utzi hautela.
– Ez nian gezurrik esan. Eser hadi Jon. Gauza bat aitortu behar diat.

**********

– Jaiki zaitez txiki. Irteteko ordua da bestela berandu ibiliko gara.
– Utzidazu bost minutu gehiago mesedez, logura naiz ama.
– Animo Martin, mugi zaitez, presaz gabiltza.

Martin zazpi urteko mutil kozkorra zen garai hartan. Ume bizkorra zen, ametsez betea, energiaz josia. Gurasoak azken maletak autoan sartzen zebiltzan. Udaro bezala Esteponan hamabost eguneko egonaldia egiteko azken prestakuntzak egiten zebiltzan. Denak zeuden irrikitan Gipuzkoako euriteak atzean uzteko eta Malagako sasoi beroaz gozatzeko. Urte benetan eskasa izan zen hura, eguraldiagatik ez ezik,  familiaren egoera ekonomikoagatik ere. Hemezortzi urtez enpresa berean lanean egonda gero, kale gorrian geratu zen aita, nagusiaren gestio tamalgarri baten ondorioz, lantegiak multinazional alemaniar famatu batekin bat egin zuenean. Egun batetik bestera gertatu zen, langileei erreakzionatzeko abagunerik eman gabe. Ama etxekoandrea zen eta ez zuen soldata finkorik. Urte horretan, izugarrizko murrizketak egin behar izan zituzten oporretan joateko diru adina aurrezteko. Martinek askotan galdetzen zion amari ea aitak zergatik pasatzen zuen hainbeste denbora etxean haiekin azken boladan. Honek, irribarre bat antzeztuz, proiektu garrantzitsu batean lanean ari zebilela kontatzen zion, negar malkoei ezin eutsiz. Urte gogorra izan zen hura, benetan gogorra. Gurasoen harremana ere ez zegoen batere ondo. Azken aldian, askoz gehiago eztabaidatu zuten, haserre zebiltzan beti eta edozein aitzakia zen nahikoa ika-mika bat hasteko. Bazekiten oporraldi hura egoera konpontzeko azken aukera zela, laino artetik agertzen zen azken eguzki izpia. Burgos pasatzen ari zirela esnatu zen Martin oihuen ondorioz asaldatuta.

– Baina… baina… zertaz ari zara Maria? Zergatik leporatu behar didazu hori orain?- esan zion aitak gidatzen zebilela amari.
– Behin eta berriz esan nizun hilero diru pixka bat gordetzeko Antton. Bazenuen nagusiaren trikimailu eta negozioen berri, baina zu beti zurean! Begira orain nola gauden egun batzuk oporretan joateko!- negar malko bat aurpegian zehar isuri zitzaion- Ez zenuen inoiz etorkizun puta honetan pentsatu!
– Zer ostia ari zara esaten! Eta zuk zer ostia egin duzu zure bizitza osoan? Besteengandik bizi izan zara zotzik albora egin gabe!
– Ez dudala ezer egin?- amaren hitzetan amorrua nabari zen- Zuk zer uste duzu, etxeko behar guztiak berez egiten direla ala? Zu etxera heltzen zarenerako dena prest egotea esfortzu eta sakrifiziorik gabe egiten dela uste duzu?
– Etxeko beharrak, etxeko beharrak… txorakeria hutsa! Familia aurrera ateratzeko lan eta lan ibili naizela, zuk ez duzu ezertxo ere egin, zorri higuingarri horrek!

Martinek, atzeko eserlekuan zegoela, lo zegoela egin zuen eztabaida guztia entzuten zuen bitartean. Entzuten zuen hitz eta irain bakoitza, bihotzean ziztada bortitz bat zen.
– Ez dakit nola egon naizen zu bezalako putaseme batekin hamabost urtez ezkonduta – ama gero eta ozenago ari zen- gorroto zaitut!

Eztabaida gero eta ozenagoa zen, gero eta gogorragoa.

– Nik ere ez dakit nola bizi izan naizen hainbeste urtez horrelako parasito nazkagarri batekin! kokoteraino nago, entzun duzu? kokoteraino, joder!
– Isil zaitez behingoz! Ezin dut… Antton kontuz!!!!!

Bat-batean erabateko isiltasuna. Eztabaidaren ondorioz aitak bidean arreta galdu  eta ezin izan zuen ezer ere egin aurretik zihoan kamioiak brastakoan balaztatu zuenean. Segundo bateko despistea izan zen. Betikotasunerako ondorioak zekartzan milesima batzuetako arreta galtzea. Autoa guztiz zapalduta zegoen. Putzu gorri handi batek errepidea bustitzen zuen. Laster ziren bertan anbulantzia, ertzaintza eta suhiltzaileak. Inolako esperantza gabe xafla metaliko hura aztertzen zutela, ezinezkoa zirudiena gertatu zen. Negar zotinak entzun zituzten barnetik. Aho bete hortz geratu ziren erreskate lanetan zebiltzan guztiak. Autoaren atzeko aldean ume txiki bat zegoen pieza metalikoen artean harrapatuta. Lan zaila izan zen mutikoari minik eman gabe bertatik ateratzea baina zerra elektriko baten laguntzaz eta hainbat orduren buruan lortu zuten azkenean. Umea zauriz beterik zegoen baina arriskutik kanpo. Burgos hiriko ospitalean pasatu zituen egun batzuk ondo zegoela ziurtatzeko. Halere, zauririk handiena ospitaletik irtetea izan zen, umezurtz geratu zela onartzea. Bilbora eraman zuten mutikoa, geratzen zitzaion amona bakarraren etxera alegia. Amona Kontxik, Anttonen amak, 80 urte zituen orduan. Urteak zeramatzan bere iloba ikusi gabe bere semearekin zeukan harremanaren ondorioz. Txikitako trauma zen Anttonena. Kontxik labankada batez hil zuen bere senarra Antton txikia etxean zegoela. Espetxe zigorra ezarri zioten amari baina aurrekaririk ez zuenez, aske geratu zen. Semeak ama ezezaguntzat zuen ,hiltzaile beldurgarritzat, ez baitzuen inoiz aitak txikitu arte eman ohi zizkion jipoien berri izan. Horregatik, hemezortzi urte bete zituenean etxetik alde egin zuen. Eibarreko lagun batek etxean hartu zuen eta bertan herriko “aldeko” tabernan zerbitzari lanak eginez unibertsitatera joateko eta aurrera irteteko diru adina aurreztu zuen. Donostian ikasi zuen Anttonek eta bertan pisu txiki bat alokatu zuen. Maria ezagutu eta gero, hiriaren kanpoaldean zegoen baserri zahar bat erosi zuten merke-merke. Handik urte batzuetara Martin jaio zen. Kontxiri gertatutakoa kontatu ziotenean, mundua gainera zetorkiola sentitu zuen. Izugarrizko kolpe emozionala izan zen egunerokotasunera ohituta zegoen atso batentzat. Alde batetik, asko kostatu zitzaion hain gutxi ezagutzen semea eta erraina istripuan galdu zituela onartzea. Bestalde, Jainkoari eskerrak eman zizkion zeukan iloba bakarra salbatzearren. Elkarren beharra zeukaten biek. Martini ere asko kostatu zitzaion guraso gabeko bizitza berrira ohitzea baina amonak asko maite zuen eta bere semea balitz bezala zaindu zuen. Zoritxarrez, 2010eko negu hotzean, Martinek 11 urte zituela, amonak pneumonia harrapatu eta handik bi astera lurperatu zuten. Orduantxe geratu zen Martin bakar-bakarrik munduan. Mutikoa diputazioaren esku geratu eta umezurtz etxe batera eraman zuten. Oso arraroa egin zitzaion bere adineko neska-mutilekin batera bizitzea,baina ez zen gai izan adiskiderik egiteko. Oso zaila egiten zitzaion besteengana hurbiltzea, arrotz sentitzen baitzen. Barnean zeukan hutsunea, bakardadean islatzen zen eguneroko bizitzan. 2011ko udan egokitu zitzaion txanda bertatik irteteko. Txanda horrek izen propioa zuen: Gorka eta Ane. Zortzi hilabetez ume bat mundura ekartzen saiatu ondoren, Aneri menopausia goiztiarra diagnostikatu zioten, 41 urte zituelarik. Ama izateko grina alde batera utzi behar zuela uste zuenean, Gorkak adoptatzea proposatu zion. Martini gertatutakoa kontatu zietenean, mutilari bizitzan bigarren aukera bat emateko beharra sentitu zuten, zoriontsu egiteko nahia. Guraso berriak La Bilbainako txalet handi batean bizi ziren, arbaso burgesen herentziaz erosia. Martini erosotasun guztiak eskaini zizkioten baina ezer ez zen nahikoa sentitzen zuen hutsune emozional eta existentziala asetzeko. Orain dela bost hilabete inguru, Martin institututik etxeratu zenean, abdomen inguruan izugarrizko mina zuela kexatu zen. Momentu hartan etxean zegoen bakarra Ane zen eta honek, atsedena behar zuela-eta, oheratzeko aholkatu zion. Gau hura botakaka eta minduta pasatu zuen mutilak. Hurrengo goizean, Martinen ahultasuna eta zurbiltasuna ikusita, denborarik galdu gabe ospitalera eraman zuten gurasoek.

**********

Ate estu batetik barrura sartu ziren hirurak. Gelaren hormen kolore zuria erabat iluna zen.Kolore zuri goibela, zoriontasun eza transmititzen duten horietakoa. Hormak erabat biluzik zeuden inolako apaingarririk gabe
– Eser zaitezte hor, mesedez.- medikuaren begietan tristura, nekaldia eta frustrazioa nabarmena zen- Esan behar dizuedana oso gogorra da. Begira… Martini egin dizkiogun azken proben emaitzak…- medikuak kontu handiz aukeratzen zituen ahoskatzea kostatzen zitzaion hitzak- ez dira batere onak izan. Oso gogorra da hau esatea. Gertatzen zaiona oso arraroa da bere adineko nerabeetan baina halere, proben emaitza erabakigarria da. Ez dugu horrelakorik izan zezakeenik kontuan hartu hemen daraman denbora guztian baina atzoko azterketan ikusi genuenak zalantza guztiak ezabatu dizkigu.

Anek eskua eman zion Gorkari. Gogor estutu zion hau, sentitzen zuen urduritasuna erakutsiz.
– Asko sentitzen dut hau esatea- medikuak sakon hartu zuen arnas- Martinek… zera… bufffff…. min…. minbizia dauka.

Gurasoei aurpegiko kolorea aldatu zitzaien, ezin zuten sinetsi hainbeste denbora eta proben ondoren lehenago ezer ikusi ez izana.
– Baina, baina nola da posible??- Ane larri zegoen, eman zion berriak barnetik suntsitu zuen- nola da posible horrelakorik lehenago ez antzematea?!  Ezin du horrelakorik eduki! Gure semea ondo dago!

Medikuak besotik heldu zuen emakumea eta begietara begiratu zion berarentzat ere egoera oso latza zela adieraziz.
– Aurrerago ez detektatzearen arrazoi bakarra tumore hau lehen faseetan ikustea ia ezinezkoa dela da- berriz hartu zuen arnas, sakonago oraingo honetan- Zelula kartzinogenoek arean, intsulina ekoizten duen organoan, daramate aspalditik baina hain dira txikiak ezin izan ditugula detektatu orain arte. Zelulek metastasia egin dute, hau da, beste organo batzuetara hedatu dira.- hirugarrenez hartu zuen arnas- Gibelean zabaldu dira dagoeneko eta zoritxarrez beranduegi da guk zerbait egin ahal izateko. Tumoreak hedatzen jarraituko du erraietara helduz eta sistema osoaren gelditzea eraginez.

Gorka eta Ane mutu geratu ziren ezin zuten erreakzionatu. Ez ziren negar egiteko gai ere izan medikuaren aurrean zeudenak arima gabeko gorpu hustuak baitziren, berriaren ondorioz traumatizatutakoak.
– Egin dezakezuen gauza bakarra bere azken egunetan bere ondoan egotea da, zoriontsu egitea. Gure esku dagoen guztia egingo dugu Martinek ahalik eta gutxien sufritzeko.

**********

Elkarrizketa guztia entzun nuen. Momentu horretan korridorean nengoen eta Ane eta Gorka medikuarekin zihoala haien atzetik joan nintzen eta gela horretan sartzen ikusi nituen. Ezin nuen sinetsi nire lagunari gertatzen zitzaiona. Gogoan dut negar egin nuela, zeharo gainera. Ezintasun malkoak ziren. Martin hiltzen ari zen eta ezin zuen inork ezer egin. Ez nekien nola begiratuko nion Martini begietara handik aurrera. Bizitza hain da ironikoa. Hilabeteetan, hainbeste istorio eta momentu partekatu ondoren gaixotasun puta horrek eraman egingo zuen. Patuaren apeta nazkagarria.

Asko kostatu zitzaidan ezer gertatuko ez balitz bezala Martinekin jokatzea. Gero eta ahulago zegoen baina berak ez zekien zer gertatzen zitzaion. Azken egunak berarekin pasatu nituen. Nire erara, azken momentuetan pozik bizi izan zedin saiatu nintzen baina medikuek ez sufritzeko jartzen zioten morfinak lur jota uzten zuen, erabat lelotuta. Aste bi izan ziren, baina niri urteak pasatu zirela iruditu zitzaidan. Baten bat gaizki pasatzen ari denean denbora gelditu egiten da.  Gero eta okerrago zegoen, gaixotasunak, azkenean, bizitzaren aurkako lehia irabazi zuen.

 

**********

Ohean zaude etzanda baina ez dakizu zer ari den gertatzen. Betazalek izugarrizko pisua daukate eta oso zail egiten zaizu begiak irekita mantentzea. Zabaltzen dituzun bakoitzean pertsona ezagunak ikusten dituzu. Hor dago Jon zuri begira ezpainean irribarre bat margotuz eta begietatik malkoak isurtzen zaizkiola. Gorka eta Ane ere bertan daude. Besarkada eman diote elkarri eta Gorkak kopetan musua eman dio. Tomas ere hurbil daukazu. Betiko mantal zuria aldean darama . Ez dago bakarrik. Bere aldamenean mantal urdina daramaten neska gazte bi daude zuri tinko begira. Gustura zaude etzanda. Hegaz zabiltzala uste duzu eta ohetik nola altxatzen zaren nabari duzu. Berriz zabaldu dituzu begiak. Oraingo honetan ama eta aita ikusi dituzu urrunean. Eskutik helduta daude, ez dirudi haserre daudenik. Hurbiltzeko agindu dizute. Bertarantz zoazela beste norbait antzeman duzu. Amona da. Aitak barkamena eskatu dio eta besarkada luze batean murgildu dira. Haiengana hurbiltzen zarela argia gero eta distiratsuagoa da gero eta indartsuagoa. Eskua eskaini dizute eta zuk besoa luzatu duzu. Bat-batean argia beira balitz bezala suntsitu eta gau beldurgarria argitzen duten milioika izartxotan zatitu da.

Advertisements