Atalak
UDALemoa [EUS]

Lurpeko edukiontziak kenduko ditu Arratiako Udalen Mankomunitateak

Azterketa sakon bat egin da, eta ondorioztatu denez, sistemaren eraginkortasunaren ikuspuntutik lurpeko bilketak arazo gehiago sortzen ditu irtenbideak baino. Horrenbestez, puntu horiek itxi eta lur gaineko edukiontziak jarriko dira.

Gaur egun, mankomunitateak lurpeko 26 edukiontzi dauzka, eta horietako lau Lemoan daude: udaletxe aurrean, Elizondon, batzoki aurrean eta Arraibi alkatea kalean. Lurpeko bilketa honetan hondakin hauek jasotzen dira, sailka: errefusa, papera/kartoia, ontzi arinak eta beirazko ontziak.

Azterketa sakon bat egin da, eta ondorioztatu denez, sistemaren eraginkortasunaren ikuspuntutik lurpeko bilketak arazo gehiago sortzen ditu irtenbideak baino. Horrenbestez, puntu horiek itxi eta lur gaineko edukiontziak jarriko dira.

Hiru dira erabaki hau hartzerakoan eragin duten aldagaiak: langileen segurtasun baldintzak, kostu ekonomikoak, eta bilketarekin lotutako hainbat arazo.

bruno soto fernandez – halterofilia atleta

“Lorpen handia izan da,  16 urterekin estatuko onenen aurka lehiatu naiz, baita olinpikoen aurka ere, eta bik bakarrik altxatu dute nik baino gehiago”

Brontzezko domina lortu berri duzu 89 kiloko Espainiako Halterofilia Txapelketan. Zer esan nahi du zuretzat txapelketa honek?
Lorpen handia izan da,  16 urterekin estatuko onenen aurka lehiatu naiz, baita olinpikoen aurka ere, eta bik bakarrik altxatu dute nik baino gehiago, ilusio handia egin dit.

Bizitzako beste arlo askotan bezala, pandemiak eragina izan du kirolean. Nola eragin dizu zure egunerokoan? Eta txapelketetan?
Ezin izan dut baldintza egokietan entrenatu, garajean egin dut pisu zahar batzuekin. Aldi berean, zortea ere izan dut zerbait egiteko aukera izateagatik, nahiz eta gutxi izan, beste kide batzuek ez baitute aukera hori izan. Txapelketei dagokionez, pena izan da, Europako Txapelketa eta 17 urtez azpikoen Munduko Txapelketa bertan behera geratu baitziren.

Nolakoa da Bruno Sotoren egun bat? Eta asteko prestaketa?
Aurten zail samarra izan da ikasketak eta entrenamenduak uztartzea, Galdakaoko institutura joan behar bainuen batxilergoko lehen maila egitera, eta arratsaldean Basaurira entrenatzera. Horrek denbora asko galarazten zidan joan-etorrietan, eta denbora asko galtzen nuen ikasi ahal izateko. Hala ere, pozik nago, ikasturte osoa gainditu baitut eta ondo entrenatu ahal izan baitut. Astean bost egunetan entrenatzen naiz, 07:00etan jaikitzen naiz institutuan egoteko 08:30ean. 15:30ean amaitzen dut, etxera bazkaltzera 16:00etan iristen naizenean 18:00etan ateratzen naiz entrenatzera. 22:00etan etxera iristen naiz, eta afaldu ondoren ikasteko aprobetxatzen dut.

Lemoan baloratua sentitzen zara? Zer nabarmenduko zenuke herriaz?
Tira, ez dakit zer esan, badakit txapelketaren baten ondoren Lemoako egunkarian artikulu bat ateratzen dela beti, baina besterik ez. Beste kide batzuek, beren herrietako laguntzak jasotzen dituzte eta omenaldiak egiten dizkiete.

Zein dira zure hurrengo erronkak?
Garrantzitsuena abuztu amaieran Polonian jokatzen den Europako Txapelketa da, eta irailean Arabiar Emirerrietako Munduko Txapelketa.

Porno VS AfroditA – PaTRICIA URRUTIA

” Elkarrekin gure ezintasunez barre egitean, nolabaiteko askatze kolektibo bat lortzen da”

Zein da porno vs Afrodita lanaren abiapuntua? Ze eragin izan zuen Skolae programarekin piztutako polemikak?
Ikuskizunerako sorkuntza prozesua Skolae programak sortu zuen zalapartaren harira abiatu genuen. Kontua da horrelako programen faltan, gazteek erantzun bila Internetera jotzen dutela, eta bertan topatzen dutena pornoa da. Horrek dakartzan ondorioekin. Horren aurrean, heldu gisa, gure esparrutik, oholtzatik, harreman sexual eta afektiboen gaia jorratzea erabaki genuen. Eta berehala sortu zitzaigun galdera edo erronka honakoa izan zen: guk izan behar genuela gure gazteak bide horretan lagundu behar genituenak… Gure ezintasun, aseezintasun eta ergelkeria sexual eta afektibo guztiekin. Bidea argi ikusi genuen orduan: gure ezintasunak eta gure gazteenak (funtsean horren ezberdinak ez direnak), taularatu eta elkarregaz barre egitea. Maitasun osoz.

Gure ezintasunak, atsekabeak eta sexu- eta afektibitate-ergeltasunak azaleratzen omen ditu zuen antzezlanak. Lortu dugu gizarte moduan sexuaz heldutasunez hitz egitea? Eta sexualitatea modu osasungarri batean bizitzea?
Neurri batean bai, baina bestean ez. Sumatzen da hainbat jokabideetan atzera pausuak eman ditugula. Esango nuke oraindik ere bidea dugula egiteko.

Hemen, elkarrekin gure ezintasunez barre egitean, nolabaiteko askatze kolektibo bat lortzen da. Eta barrearekin batera, emanaldia bukatutakoan elkarrizketarako eta hausnarketarako abiapuntua ere bada PORNO vs AFRODITA (edo I #gorkaurbizu).

Zein da pornografiak antzezlan honetan jokatzen duen papera?
Helburua ez da epairik egitea, ezta erantzunik ematea ere. Erantzun gutxi daukagu-eta guk! Nolabait nahi izan dugu azaleratu pornoa, fikzio hori, errealitatetzat jotzeak dakarren desfasea. Besteak beste.

Edonola ere, izenburuan aldarrikatzen den lehiaketa horren nondik norakoak irudikatzeko modurik onena, antzerkia ikusten etortzea da.

Zer aurkituko du Kotxepin Kultur Etxera hurbiltzen den ikusleak?
Ikusi eta entzungo du euskaraz sortutako umorezko sorkuntza originala, zuzeneko musikaz blai. Izan ere, ikuskizuna, 40 urte inguruko banda baten azken kontzertuaren aurreko soinu probarekin hasten da. Lanak, nekeak, familiak… gain hartu dute eta hor harrapatuko ditugu, euren azken arnasa emateko prest.

Eta ikusiko gaitu gu, Juanjo Otero, Jon Zumelaga eta ni neu, larrua jokatzen guztion gozamenerako.

EusGara proiektua bueltan da berriz!

Lemoako Udalak sustatu zuen egitasmoa da EusGara, eta 2018. urtetik Errota fundazioak kudeatzen du zerbitzua. Helburua argia da: Arratiako enpresetan euskararen presentzia eta erabilera sustatzea.

Urte gorabeheratsua izan da aurrekoa, eta berriz ere zerbitzua eskaintzen hasi da Errota. Lemoako enpresak animatu nahi ditu udalak egitasmoarekin bat egin, eta euskara txertatu dezaten euren lantegietan.

EusGarak zerbitzu hauek eskaintzen dizkie bailarako enpresei: edozein dokumenturen zein webgunearen itzulpenak, diru laguntzak eskatzeko laguntza, hizkuntza aholkularitza eta trebakuntza saioak. Finean, bakoitzaren beharretara egokitutako zerbitzua eskaintzen dute. Animatu enpresetan ere euskara txertatzera!

lemoa pedalkadaka erronka 2021

ERAKUSLEMOA

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s