Atalak
UDALemoa [EUS]

Antton Aranburu – “Kolorez jantzia”

Gehiago irakurri titularraren gainean klikatuz

” Gure ikuskizunera hurbiltzen denak ez du ipuin kontaketa arrunt batekin topo egingo, baizik eta ipuina, antzerkia, musika, dantza eta jolasez betetako ikuskizun batez gozatu ahal izango du “

Zer aurkituko du Kotxepinera zuen ikuskizuna ikustera hurbiltzen denak? Nondik dator ideia?
Kolorez Jantzia ipuin musikal bat da, Perli eta Koxkolo izeneko bi pertsonaia xelebrek aurkeztua. Gure ikuskizunera hurbiltzen denak ez du ipuin kontaketa arrunt batekin topo egingo, baizik eta ipuina, antzerkia, musika, dantza eta jolasez betetako ikuskizun batez gozatu ahal izango du. Ideia aspalditik dator, ipuinak sortzea gustuko dugu, eta musikagintzan ere badugu eskarmentua. Ipuingintza eta musika uztartzea erabaki genuen, eta Kolorez Jantzia ikuskizunari esker Euskal Herriko txoko mordoa bisitatu ditugu. 

Zeintzuk dira lan honekin landu nahi dituzuen balioak? 
Kolorez Jantzia ikuskizunak zera erakutsi nahi du: gutariko bakoitzak dituen ezberdintasunek nola egiten gaituzten aparteko eta berezi; denok gara ezberdinak, eta horrek ezin hobe bihurtzen gaitu. Gure gizartean aniztasunak duen balioa erakusteko ikuskizuna da, eta gizaki bakoitzaren berezitasunei egiten zaion omenaldia. Azken finean askatasuna, tolerantzia eta ezberdinei zor zaien begirunea goraipatzen dituen aldarrikapena.

Pandemiaren ostean, hasi zarete berriro martxa hartzen taula gainean aritzen zareten sortzaileok?
Bai, hala da, hasi gara berriz ere martxa hartzen. Udazkena bero-bero dator. Kolorez Jantzia aurkezten jarraitzen dugu, baina ikuskizun berri bat ere abian jartzen ari gara: Bidaia Liluragarria. Horrez gain, helduentzako saio bat ere prestatu dugu: Kaos#Kosmos. Pozik gaude eta itxaropentsu. Jendearen erantzuna aparta izaten ari da. Umeek primeran pasatzen dute gurekin, eta horixe da, hain zuzen, bidean jarraitzeko eta ikuskizun berriak prestatzeko gure gasolina.

One reply on “Antton Aranburu – “Kolorez jantzia””