Atalak
UDALemoa [EUS]

LUZE EDO MOTZ Kotxepin Kultur Etxean

Gehiago irakurri titularraren gainean klikatuz

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai

“Tamalez, oraindik “emakumeen gauzak” bigarren maila batean daude edo zuzenean tabuak dira, eta guk horiekin barre eragitea lehen mailara ekartzeko modu eraginkorra zela pentsatu genuen”

Zer aurkituko du Kotxepinera zuen ikuskizuna ikustera hurbiltzen denak?

Hurbiltzen direnek beraien kontakizunarekin barre egin eta eragiten duten bi emakume aurkituko dituzte oholtzaren gainean. Umorearen galbahetik pasatako “emakumeen kontuak” izango dituzte hizpide, gai hauek erdigunera ekarri eta barre eragiteaz gain, pentsarazteko asmoz.

 Nondik dator ideia?

Aspaldidanik egin nahi genuen umorezko ikuskizun bat elkarrekin, eta argi genuen bakarrizketa formatua baliatu nahi genuela horretarako. Lanketa horretan hasi ginenean, segituan konturatu ginen genero ikuspegitik zerbait egiteko gogoa genuela, gure bizipenak oinarri hartuta. Tamalez, oraindik “emakumeen gauzak” bigarren maila batean daude edo zuzenean tabuak dira, eta guk horiekin barre eragitea lehen mailara ekartzeko modu eraginkorra zela pentsatu genuen.

 Zeintzuk dira lan honekin landu nahi dituzuen balioak?

Batez ere ikusarazi nahi dugu oraindik gizarte honi bide luzea geratzen zaiola berdintasuna lortzeko, gauza askotan oraindik oso motz dabilelako.

Pandemiaren ostean, hasi zarete berriro martxa hartzen taula gainean aritzen zareten sortzaileok?

Bai. Alarma egoera amaitzearekin batera erakunde eta herrietako programatzaileak berriro lanean hasi dira, eta udazken honetan dagoeneko mugimendua nabaritu dugu. Ea ez garen berriro atzerantz joaten!

Beste zeozer gehitu nahi baduzu…

Jendea etorri dadila barre egiteko animoarekin; horrek asko laguntzen du giro eder bat sortzen. Eta gizonak ere etorri daitezela emakumeek egindako umoreaz gozatzera!