“Bada momentu bat zeinean beharra duzu apaingarriak bigarren mailakoak bihurtzea; norbere buruaren aldarrikapena egitea”
Zer aurkituko du Kotxepinera hurbiltzen denak?
Lemoan egingo dugun kontzertuak “RUEDA” izeneko azken lana izango du oinarri. Lan honek gitarra , ahotsa eta elektronika ditu hanka nagusienak eta hortik abiatuta aurreko beste lan batzuen kantuak errepasatuko ditugu ere. Elektronika, minimalismoa, folk, pop edo rock bortitzagoaren ukituak dituen ordu t´erdiko bidaia prestatu dugu taula gainean egongo garen lau musikariok.
Zelakoak dira pandemia beteko kontzertuak?
Edozein kontzertu berezia bada, pandemia honetan emandakoak are bereziagoak dira. Distantzia soziala mantentzea beharrezkoa den honetan, komunikaziorako bideak urritu zaizkigu, eta kontzertuak, ezer badira, komunikazioaren ospakizunak dira. Hortaz, inoiz baino gehiago balioesten ditugu aukerak, eta berdin esango nuke publikoaz ere.
Azken disko honekin publikoaren aurrean biluzik agertu nahi zenuela esan duzu, ahotsa, kitarra eta elektronika. Zer eman dizu biluztasun musikal horrek?
Auto estetikoa izateaz gaindi, bada ere jarrera bat. Artifizio handirik gabe agertu nahi izatearen, zintzo eta zuzen. Bada momentu bat, apaingarriak bigarren mailakoak bihurtzea behar duzula; norbere buruaren aldarrikapena egitea. Ispiluan islatzen den zure gorputzarekin adiskidetzearen antzeko zerbait. Azken lanaren abiapuntua hori izan da. Apaingarri guztiak biluztasunaren mesede pentsatuak daude eta ez alderantziz. Asko disfrutatzen dut leku horretan.