Atalak
UDALemoa [EUS]

Elkarrizketa : Jon Urutxurtu – Arratia Posta Txarteletan

Gehiago irakurri titularraren gainean klikatuz

LEMOA-1: “Lemona camino de la iglesia”. Koloretan inprimaturiko posta txartela.
Idatzita dago eta 1913ko ekainaren 6ko posta marka darama. Eleizondoko bidea. 1910eko hamarkada (1913koa edo lehenagokoa).

Zer aurkituko du Kotxepinera “Arratia posta txartelean” erakusketa ikustera datorrenak? Lan mardula izan da 90 posta txartel hauek batzea?

Arratia posta txartelean erakusketan Arratia bailarari buruz argitaratu diren posta txartelak biltzen dira, 90 bat. 2014an izenburu berarekin argitaratu nuen liburuan biltzen diren argazkiak dira, ia denak XX. mendearen lehen erdian egindakoak. Erakusketarako 24 cm X 38 cm tamainara handitu dira eta herriz herri sailkatuta daude.

Erakusketaren osagarri moduan XX. mendearen hasieran eta erdialdean Arratian grabaturiko zinema irudiak ere egongo dira ikusgai, tartean Lemoan zeuden kotxetegietara bidean doan Arratiako tranbiarenak.

Lan hau urteetan zehar apurka-apurka egindako posta txartelen bilketa izan da: han eta hemen bilatuz, antikuarioen dendetan arakatuz eta beste bildumagile batzuekin harremanetan jarriz…

Arratiako ondare historikoa batzea da zure lanaren helburuetako bat. Asko dago egiteke oraindik?

Kontuan izan behar da posta txartelek hainbat balio gordetzen dituztela: zigilua, posta marka, zuzentzen den pertsonaren izen-abizenak, helbide bat, idatzitako mezua, sinatzen duen norbaiten izen-abizenak eta irudia. Eta irudi horien bidez  gizartean, hirigintzan, ohituretan, paisaian… gertatu diren aldaketak ikus daitezke. Azken puntu honekin lotuz, erakusketak  argazkigintzarekin zerikusi zuzena du, posta txartel ilustratuak argazkietan oinarritzen direlako eta lan honen helburuetako bat hori da: Arratia eta arratiarren irudiak azaltzen diren posta txartelak erakustea eta ezagutzera ematea, era horretan gure bailarako ondare historikoaren atal bat berreskuratzeko eta ezagutzera emateko.

Nor izan zen Felipe Manterola eta zein izan da bere garrantzia lan honi begira?

Felipe Manterola (1885-1977) lanbidez Zeanuriko dendaria bat izan zen, baina baita argazkilari handia ere. Zaletasun hori bizibide inoiz ez zuen hartu, baina aldian aldiko diru-iturri bihurtu zuen. Dirudienez, lehenengo argazkia 1904. urtean egin zuen, hemezortzi urte zituela, eta ordutik aurrera, 1936ko gerrak eztanda egin arte, mila argazkitik gora egin zituen.

XX. mendearen bigarren hamarkadan posta txartelen bildumak ere editatu zituen, berak egindako argazkiak erabiliz. Batzuk Alemanian eman ziren argitara, beste batzuk Frantzian eta Bilbon. Felipe Manterolaren hamar posta txartel biltzen dira erakusketan. Hamar posta txartelek aurrealdearen oinean euskaraz idatzitako testua daramate, azaltzen den argazkiaren gaiari izenburua jarriz.

1928tik aurrera zinematografoari ere ekin zion. Filmatutako irudi gehienak 1928 eta 1932 urteen artean hartuak dira eta batzuk ikusgai izango dira erakusketan.

FELIPE MANTEROLA: Felipe Manterolaren autoerretratua. Felipe Manterola zeanuriztarrak posta txartelak editatu zituen berak egindako argazkietan oinarrituz. 1928tik aurrera zinematografoari ere ekin zion

Postal bat aukeratu beharko bazenu, zein eta zergatik?

Bat ez nuke aukeratuko. Postal bakoitzak bere berezitasuna du: batzuk desagertutako eraikinak edo tokiak azaltzen dituztelako, beste batzuk balio etnografikoa dutelako… Baina bilduma moduan, Felipe Manterolak argitaratutako hamar posta txartelak aukeratuko nituzke, denetarik erakusten dutelako: paisaiak, eraikinak, ohiturak… eta gainera euskaraz idatzitako testua daramate.

Asko gustatzen zaizkit Lemoako bi posta txartel ere: batak “Lemona. Partida de mus” du izenburutzat eta azaltzen diren pertsonetako bakarra identifikatu dut; besteak “Amorebieta. Camino de la romería” du izenburutzat.  Amorebieta izenburua darama, baina erratu bat da, Lemoako Urtezabal baserriaren aurrean egindako argazkia baita eta azaltzen diren pertsonaia gehienak identifikatuta daude, ez denak. Ea erakusketa honen bitartez norbaitek informazioa ematen duen eta bi postal horietako pertsonaia guztiak identifikatzen ditugun…

LEMOA-2: Lemoako Urtezabal baserriaren aurrean —Betzuentarren baserriaren aurrean— egindako argazkia da. Erdian pipa pizten dagoena Intxusti baserriko Genaro Ellakuria Atxarripipas da; otzara buruan daraman emakumea Lemonauria baserriko Geronima Linaza, eta eskuinaldean dagoen gizonezkoa, ziur aski Lemouri baserriko Juan Felix Barrenetxea. 1910eko hamarkadakoa.
LEMOA-3: “Peña Lemona. Lugar de encarnizados combates”. Burdin Hesiari buruzko bloka osatzen duten 12 postaletako bat da. Indalecio Ojanguren argazkilari eibartarrak egindako argazkia Kronologia: 1937. urtea.