Atalak
UDALemoa [EUS]

Julen Gabiria -Idazlea eta Lemoako umeen irakurle taldeko arduraduna

Gehiago irakurri titularraren gainean klikatuz

Umeen irakurle taldea gurasoen benetako beharrizan eta nahi batetik abiatu zen

Noiztik daramazu umeen irakurle taldeen proiektuarekin?

Aspaldi hasi nintzen Bediako liburutegian: bizpahiru urte egin genituen han, eta Arratzun ere egin nuen saioren bat. Gero pandemia etorri zen, dena bertan behera geratu zen, eta iaz, egoera apurka-apurka onera etortzen hasi zenean, Lemoako guraso batek planteatu zidan Bediako eredua hona ekar zitekeela. Horrela hasi ginen: gurasoen benetako beharrizan eta nahi batetik abiatuta.

Nondik dator ideia eta zeintzuk dira helburuak?

Ni bi alabaren aita naiz, eta etxean hasieratik izan dugu argi kultura gure heziketaren zutabeetako bat izango zela. Irakurketa, pelikulak, musika… oso presente daude gure etxeko eguneroko bizitzan: geure burua eta mundua ulertzeko, beste bizimodu batzuk ere badaudela jabetzeko, besteen tokian jartzeko… ez dago kultura baino bide hoberik. Eta irakurketa-taldeek aukera hori ematen dute: liburu bat irakurri, eta gero hor planteatzen diren gaiei buruz hitz egiteko aukera; kontuan izanda, noski, umeak direla. Izango dute gero ere aukera, nahi badute, helduen irakurle-taldeetara joateko, baina adin honetan, nire ustez helburuak bi dira batez ere: batetik, irakurketa gauza normala izatea eurentzat, eguneroko presentzia izango duena eta atsegina egingo zaiena; eta, bestetik, ikus dezatela, irakurketa gauza indibiduala den arren, kultura gauza konpartitua dela, eta solasaldi hauetan aberastu egingo garela hainbat zentzutan.

Zer ematen die irakurzaletasunak ume eta gazteei?

Gauza jakina da irakurketak hainbat onura dituela, ez bakarrik irakurzaletasunari dagokionez, baizik eta beste arlo askotako ulermena lantzeko orduan, eta arlo akademikoan ere bai, adibidez. Edozelan ere, irakurzaletasuna baino, niri gehiago interesatzen zait mota guztietako kultur zaletasuna: nigatik balitz, umeen irakurle-taldeaz gain, antolatuko nituzke umeen zinekluba, umeen disko-kluba, umeen arte-kluba… eta helduena ere berdin, noski. Eta hori guztia asmo bakarrarekin beti: norberak kultura jaso bai, baina gero taldean partekatzeko helburuarekin, horretaz berba egiteko helburuarekin, besteen iritziak entzun eta eztabaidatzeko helburuarekin. Irakurzaletasunak asko ematen du, baina irakurritakoa partekatzea gureak ez diren ikuspuntuetara hurbiltzea da, eta hori benetan aberasgarria da.

Noiztik ari zara Lemoan? Ze balorazio egiten duzu?

Ikasturte honetan hasi gara, 2021eko amaieran. Hasierako saioak 10-12 urte bitarteko umeekin egin ditugu, eta orain txikiekin ere hasiko gara, 7-9 urte bitartekoekin. Saioak ordubetekoak izaten dira, denek izaten dute hitz egiteko gogoa, eta denbora oso bizkor joaten da. Irakurritako liburuak zenbait gai interesgarri planteatu ditzake, baina, batzuetan, umeen artean sortzen den ideien zurrunbiloarekin, ez da posible izaten gai guztietara heltzea; baina nire ustez hori ez da garrantzitsuena: norberak indibidualki irakurritako liburu baten aitzakian elkartu, eta hortik modu kolektiboan sortzen diren gaietan barneratzea; hori da interesgarriena nire ustez, kultura partekatzearen esperientzia hori. Balorazioa, beraz, oso ona da orain arte, eta ziur nago berdin jarraituko dugula.

Julen Gabiria Lara (Galdakao, Bizkaia, 1973ko urtarrilaren 19a – ) bizkaitar idazle eta itzultzailea da, nobela eta itzulpena jorratu du orain arte.