Atalak
UDALemoa [EUS]

Lemoako dendetan euskara sustatzeko kanpaina abiatuko da martxoaren 1ean

Gehiago irakurri titularraren gainean klikatuz

Lemoako merkataritza eta euskara sustatzea. Bi helburuak uztartuko dituen kanpaina bat abiatuko du Lemoako Udaleko Euskara zerbitzuak martxoaren 1etik apirilaren 8ra arte. Lemoako 22 establezimenduk hartu dute parte kanpainan, eta 500 saritik gora egongo dira eskuragarri denda horietan bertan gastatzeko. Hazka eta irabazi formatua izango du, eta herriko dendetan erosketak euskaraz egiten dituztenak sarituko dira. Edo saiatzen direnak. Agurra edo eskaera euskaraz egiten duenari txartel bat emango dio dendariak, eta hazkatu ondoren ikusiko du saririk ote duen ala ez. Lemoako beste denda batean trukatu beharko du saria duen txartela. Sari gabeko txartelen artean zozketa egingo da, eta Urduñako bainuetxean bi pertsonentzako bi egonaldi banatuko dira.

“Kanpaina honen bidez, kontsumitzaile eta dendari/tabernarien artean euskararen erabilera sustatu nahi da. Lemoan dauden hizkuntza ohituretan eragin nahi da egitasmo honekin, eta herriko merkatari zein ostalariek babes zabala eskaini diote” azaldu du Saioa Elejabarrieta alkateak.

Honako establezimenduek eman dute izena: Amorrortu jatetxea, Arraibigane, Atxeta taberna, Bizkarra okindegia, Ezkur, Farmazia, Geltokia taberna, Giaconi ile-apaindegia, Intzuntza harategia, Kresala taberna, Laiane ilea-apaindegia, Lemoa Doner Kebab, Lemoako Batzokia, Lemones taberna, Lezat estetika zentroa, Lur 2000, Luzea ile-apaindegia, Mailuki taberna, Josier mertzeria, Lemona okindegia, Tresnak, eta La Herradura taberna.

Sariak denetarikoak izango dira: egin nahi den erosketan beherapena, gosari bat, otordu bat, edo produktu jakin batzuetan beherapenak. Sari horien zenbatekoaren erdia dendariek eurek jarri dute, eta gainerakoa Euskara Zerbitzuak.