Jon Andoni Moreno Marcos, artistikoki Jon Moma bezala ezaguna, Ermuko kantautorea eta Momak taldeko burua da. Txikitatik ekin zion musikari Ermuko Alboka eskolan; han tronpeta jotzen ikasi zuen, eta musika-talde eta estilo ezberdinekin jo du musika-tresna horrekin.
Urriaren 30ean, ostiralean, Kotxepin Kultur Etxean izango duen emanaldiaren aurretik, harekin hitz egin dugu bere ibilbide musikala eta Lemoarekin duen lotura hobeto ezagutzeko; izan ere, Lemoan irakasle lan egin zuen JB Eguskitza Meabe IPI ikastetxean.
Gaur egun, Momaken disko berria prestatzen ari da buru-belarri; dagoeneko entzun daitezke hortik zenbait abesti, hala nola Eraldatzen eta Itzuliko naiz. Azken hori 2026ko Itzulia Basque Country-ren abesti ofizial aukeratu zuten, eta txirrindularitza-lasterketari jarri zion musika. Barrualdera begiratzera, norberaren itzalak onartzera eta norberaren funtsera itzultzera gonbidatzen gaituen gaia da.
Hau da kontatu diguna.
1. Norbaitek «Itzuliko Naiz» abestiarenagatik deitzen dizunean, zure zein zati pozten da eta zein uzkurtzen? Zure abestiak ez zuen txirrindularitzaz hitz egiten.
Poz handia ematen dit abestia hainbeste jenderengana iritsi dela ikusteak. Bitxia da, gainera, ez genuelako Itzuliarentzat sortu, baina izenburuak eta mezuak modu naturalean egin zuten bat lasterketarekin. Abestia gure itzalak onartu eta geure esentziara itzultzeari buruzkoa da, baina txirrindularitzak ere baditu horrekin lotzen diren balioak: ahalegina, sufrimendua eta aurrera egiteko gaitasuna. Gehien pozten nauena da abestiak bere esanahia gainditu eta bizitza propioa hartu duela ikustea.
2. Herri askotako jendeak entzun zuen zuen musika Itzulian. Presiorik sentitu al zenuen maila horretako erakusleiho batean egoteko, ala zuen musikak berak eraman zintuzten aurrera?
Erantzukizuna sentitu nuen, baina ilusioak presioak baino indar handiagoa izan zuen. Horrelako gertakari batek jende askorengana iristeko aukera ematen dizu. Batzuetan, abestiak berak aurkitzen du bere bidea.
3. MOMAK Itzuliako etapa bat balitz, zer profil izango luke? Laua, erlojupekoa ala mendate lainotsua?
Nire ibilbide musikala deskribatzeko baino, oso metafora aproposa iruditzen zait musika mundua eta auto-kudeatzen den musikari baten ibilbidea irudikatzeko. Mendate bat izango litzateke, tartean lautadak, bihurguneak eta lainoak ere izango lituzkeena.
4. Norberaren itzalak besarkatzeari buruz idaztea oso osasungarria dirudi abesti batean; zenbateraino da garrantzitsua ikusi nahi ez dugun horretaz kontzientzia hartzea?
Niretzat, ezinbestekoa da. Gure beldurrak, kontraesanak eta zauriak ere bagara, eta horiek ukatzeak ez ditu desagerrarazten. Nire kasuan, musikak barruan ditudan gauzei begiratzeko eta hitzez azaltzea zaila denari forma emateko aukera ematen dit.
5. Irakasle izateak zer-nolako eragina izan du zure kantari izaeran? Zer irakatsi dizu musikara eraman duzun horretan?
Musika betidanik egon da nire bizitzan eta orain, musika irakasle gisa aritzen naizela, egunerokotasunean baita ere. Batzuetan kosta egiten zait txipa aldatzea baina guztiak bat egiten du musikarekin. Irakaskuntzak entzuten eta pertsona bakoitzaren erritmoa errespetatzen erakutsi dit. Ikasle bakoitzak bere errealitatea eta beharrak ditu, eta musikan ere antzeko zerbait gertatzen da: abesti bakoitzak bere denbora behar du. Gainera, hezkuntzak perspektiba ematen dit, emaitzetatik eta zenbakietatik harago begiratzeko. Musika eta irakaskuntza ez ditut bi mundu ezberdin bezala bizi.
6. Irakurri dut oin bat farandulan eta bestea hezkuntzan duzula. Bietatik zeinek heltzen dizu orkatilatik estuago?
Ez nuke esango bietako batek heltzen nauenik, baina biak uztartzea ez da beti erraza. Musikak sormena eta askatasuna ematen dizkit, baina proiektu bat aurrera ateratzeak lan handia eskatzen du. Irakaskuntzak, berriz, egonkortasuna eta beste pertsonekin harremanetan egoteko aukera ematen dit. Batzuetan, denboraren eta energiaren kudeaketa da zailena, baina ez ditut bata bestearen aurkako mundutzat hartzen. Oreka bilatzen jarraitzen dut.
7. Lemoako eskolan irakasle aritu zinen, eta orain herrira itzuliko zara musikari gisa. Zer sentitzen duzu garai bateko ikasleekin berriz elkartzeko aukeraren aurrean?
Ilusio handia egiten dit. Lemoako eskolan irakasle aritu nintzen garaia nire ibilbidearen parte da, eta orain musikari gisa itzultzea berezia da. Agian, garai hartako ikasleak ikusleen artean egongo dira, eta polita izango litzateke haiekin berriz elkartzea. MOMAKen kanta batek dioen bezala, «Eraldatzen» gaude uneoro. Nerabezaroan, gainera, aldaketa horiek are nabarmenagoak dira, fisikoki zein mentalki. Agian, ni antzeko aurkituko naute, baina haiek zentimetro edo metro batzuk hazi direla ikusiko dut.
8. Kotxepineko kontzertuaren ostean, zer gustatuko litzaizuke hango jendeak etxera eramatea?
Kalitatezko kontzertu bat ikusi dutela eta potentzial handiko banda bat ezagutu dutelako sentsazioarekin geratzea gustatuko litzaidake. Eta, batez ere, hemendik gutxira argitaratuko dugun diskoa entzuteko gogoz geratzea.