Atalak
UDALemoa [EUS]

Gazteak berbaz aritu dira futbolaz eta streaming plataformez

Gehiago irakurri titularraren gainean klikatuz

Jai Batzordeak eta Lemoako Udaleko Euskara zerbitzuak elkarlanean antolatutako Gazteak berbaz! solasaldi eta esperientzia zikloa abian da. Pasa den barikuan, Kotxepin Kultura Etxean, Ane Atxutegi youtuberra eta Ainhoa Azkue ‘Nebukai’ twitchlariak streaming plataformetan euskarak duen presentziaren inguruan egin zuten gogoeta. Horrez gain, euren ibilbidearen berri eman zien solasaldira gerturatu zen gaztetxo talde bati. Interes handiz jarraitu zuten streaming plataformetan aritzen diren euskal erreferente hauen solasaldia, eta galdera ugari ere egin zizkieten.

Martitzenean, bestalde, Gaizka Garitano Eibarko entrenatzailea eta Ainhoa Tirapu Athleticeko atezainen entrenatzailea inguratu ziren Arlonagusia futbol zelaira. Euskararen eta futbolaren arteko harremanaz aritu ziren bi entrenatzaileak, eta hizkuntzaren erabilerak euren ibilbide profesionalean izan duen eraginaz hausnartu zuten. Solasaldiaren ondoren, entrenamendu saioa egin zuten gaztetxoek Tirapu eta Garitanorekin.

Datorren barikuan amaituko da solasaldi eta jarduera zikloa Pello Reparaz eta Kattalin Barcena eta Ane Barcena abeslarien arteko topaketarekin. Jarduera 20:00etan hasiko da kiroldegiko goiko pistan, eta ostean, 21:00ak aldera, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera egongo da. J Martina eta Zetak taldeak arituko dira taula gainean, eta unean uneko osasun neurriak errespetatuko dira. Izen ematea martitzenean amaituko da, hemen: https://forms.gle/YqpSzo2dQwNZwJxM6.