Atalak
UDALemoa [EUS]

Abendurako programazio berezia prestatu dute Kotxepin Kultur Etxean

Gehiago irakurri titularraren gainean klikatuz

Kotxepin Kultur Etxeak hiruhileko programazioa aurkeztu ohi du normalean. Hala ere, abendua hilabete berezia da, eta horregatik urteko azken hilabeterako propio prestatutako ekitaldiak aurkeztu dituzte Kotxepin Kultur Etxeko arduradunek.

“Kontutan hartu behar da abenduan Gabonekin lotutako ekitaldiak ere egoten direla herriko  toki ezberdinetan, eta hori horrela, hiru ekitaldi prestatu ditugu, baina hirurak maila handikoak” zehaztu du Ioritz Fernandez kultura zinegotziak.

Hilabeteari hasiera emateko abenduaren 10ean Rafa Rueda bakarlari entzutetsua etorriko da Lemoara “Rueda” bere azken lana aurkeztera. Pandemiaren ondorioz, lana ezin izan du publikoaren aurrean erakutsi, beraz, Kotxepinen entzutea aukera ederra izango da. 

Abenduaren 13an Sorgina Txirulina etorriko zaigu bisitan, “Euskal mitologia jira eta bira” ipuin musikatuarekin. 4-8 urte bitarteko umeentzako ikuskizuna den arren, familia guztiak ondo pasatzeko modukoa izango da.

Eta bukatzeko, abenduaren 18an erakusketa interesgarri batek hartuko du ostatu Lemoan Jon Urrutxurtu argazkilari eta Igorreko Udalaren eskutik: “Arratia posta txarteletan”. Izenak berak aditzera ematen duen bezala, Arratia bailarako atzo eta gaurko postalez gozatu ahal izango dute Kotxepinera hurbiltzen diren herritarrek.

Bukatzeko, Kotxepineko arduradunek sarreren salmenta sistema berriari buruzko balorazioa egin dute: “Uste baino hobeto moldatu da jendea, eta askotan aipatu dugun bezala sarrerak lortzeko arazoak dituen herritarrak badauka Kotxepinera etortzea astelehenetik ostiralera 10:30etatik 12:30etara, eta sarrerak lortzeko tramite guztia egiten lagunduko zaio. Bestetik, eskertuta gaude Kotxepineko ekintzetan parte hartu duten herritar guztiekin. Kulturak instituzioen eta baita herritarren babesa behar du, eta euren parte-hartzea izaten jarraitzea guztiz ezinbestekoa da kultur etxea bizirik mantentzeko” gaineratu du Ioritz Fernandez zinegotziak.