Abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatu ohi da, eta horri lotuta hainbat ekitaldi antolatu ditu Lemoako Udalak herriko elkarte ezberdinekin elkarlanean.
Gaztelekuko kideak, batetik, Bilbora irteera egingo dute The Rombo Code escape roomera. 16:45ean abiatuko dira tren geltokitik, eta izen-ematea abenduaren 1era arte dago zabalik.
Guraso elkarteak, bestetik, haurrentzako jolasak egingo dituzte eskolako patioan. 16:30etatik arratsalde osoan zehar ekintza ugari egingo dituzte: herri kirolak, eskulan tailerra, aurpegiak margotzea, kantu toki… Musika ere jarrita izango dute, eta giro paregabea bermatuta egongo da.
Eskupilota taldeak antolatutako Txutxin pilota txapelketaren finalak ere egingo dituzte, horrez gain. 19:00etan hasiko dira frontoian.
Azkenik, udaleko Euskara Zerbitzuak bertso potea antolatu du egun horretarako. Unai Iturriaga eta Oihane Perea bertsolariak arituko dira herriko kaleetan zehar kantuan. Lehen bertsoak Txutxin pilota txapelketako finalean botako dituzte, eta hortik jubilatuen tabernara joango dira. Guraso elkarteko kideak bertaratuko zaizkie hor bertan, eta trikitilarien laguntzarekin herrirantza joango dira.