Atalak
UDALemoa [EUS]

Lemoako 2022rako aurrekontuak onartu dira gaurko Osoko Bilkuran

Gehiago irakurri titularraren gainean klikatuz

Eukeni Bikarregi – Lemoako alkateordea

 “ Aurrekontu hauen ardatza gure gobernu-planean eta aurreko urteetan herritarrekin partekatutako partaidetza-prozesuetan jasotako proposamenak dira”

2022KO AURREKONTUAK ONARTU DITU LEMOAKO UDALAK GAUR ARRATSALDEKO OSOKO BILKURAN. EUKENI BIKARREGI ALKATEORDEAK AURREKONTU HONEN NONDIK NORAKO ETA GAKO NAGUSIAK AZALDU DIZKIGU. ARRAIBIKO OBREN JARRAIPENA, ROKODROMOA EGITEA ETA UDALEKO BI LANGILE BERRIREN KONTRATAZIOA DIRA PROIEKTU HORIETAKO BATZUK.  GUZTIRA % 6,19KO IGOERA DU AURREKONTUAK, ETA INBERTSIOETAN IGOERA %18KOA DA.

Oso goiz onartu dituzue datorren urteko aurrekontuak, abenduan. Zergatik?

Egungo egoera zein den ikusita garrantzitsua iruditzen zitzaigun aurrekontuak abenduan onartu ahal izatea. Prozedura administratiboak epeak luzatzen ditu beti, eta horregatik urte hasieratik aurrekontu berri hau martxan jarri nahi izan dugu, Lemoak dituen behar eta lehentasunei lehenbailehen erantzun ahal izateko. 

Noiz hasi zineten aurrekontu hauek lantzen? 

Nolabait esatearren, aurrekontuak egunero elikatzen dira, urte osoan zehar beharrak sortzen direlako eta herritar zein elkarteekin etengabeko harremana daukagulako, baina lanketa zehatzagoa irailean hasi genuen. Hiru hanka dituen prozesua da: alde batetik, gure gobernu planean zehaztuta zeuden proiektuak eta ikuspegia txertatu ditugu; bestetik, aurreko urteetan herritarrekin partekatutako prozesu parte-hartzaileetan jasotako hainbat neurri eta proposamen jasotzen ditu aurrekontu honek; eta bukatzeko, eta beti bezala, oposizioaren ekarpenak jasotzeko jarrera irekia izan dugu beti.

Zeintzuk dira aurrekontu hauen gako nagusiak?

Bada, hasteko, aurrekontuak % 6,19ko igoera izango du, guztira 4.563.388,77 €. Igoera nabarmenenak honako hauek dira: lehenengo kapituluan (pertsonalaren kapitulua) % 10,02 igo da, lanpostu berri bi (TAG eta 2. aguazila) sortuko direlako. Herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua modu eraginkorrago batean ematea ahalbidetuko digu horrek. Modu berean, aurten hiri-altzariekin eta mantenuarekin lotutako hainbat jarduera egingo dira, hormak eta jarlekuak margotzea adibidez, eta lan horiek egiteko kontratazioak aurreikusten dira. 

Seigarren kapituluari dagokionez, inbertsioei dagokienez, igoera % 18,13 koa da.  Horien artean aipagarrienak dira: Arraibi auzoaren obrarekin jarraituko dugula, rokodromoa egingo dela, mugikortasunarekin lotutako hainbat kontu ere egingo direla, eta ezin da ahaztu udal gobernu honek jasangarritasun eta efizientzia energetikoarekin alde egin duen apustua, kasu honetan eraikin publikoetan. Ez nituzke ahaztu nahi, ezta, garaje eta bestelako pasabideen arautzea egingo dela, edo Lemorieta auzoan uren hodi berriak jarriko direla.