Atalak
UDALemoa [EUS]

Kotxepin Kultur Etxean hirugarrenez eragin dituzte kalteak

Gehiago irakurri titularraren gainean klikatuz

JOAN DEN UDAN ATEAK ZABALDU ZITUENETIK HIRUGARREN ALDIZ APURTU DITUZTE FATXADAKO HARRIAK, ETA ORAIN KANPOKO KOMUNEKO ATEA ERE APURTU DUTE. HORREZ GAIN, ELIZONDOKO KULTURGUNEKO LEIHO BERRIETAKO BAT ERE APURTUTA AGERTU DA.

Kotxepin Kultur Etxeak orain dela gutxi zabaldu du bere bazkidetza kanpaina, eta baita hurrengo hiru hilabeteetarako programazioa aurkeztu ere. Horretaz eta Kotxepin Kultur Etxean garatu gura den proiektu kulturalaz berba egin beharrean,  hirugarrenez hitz egin behar dugu kulturarekin, liburuekin edo musikarekin zerikusirik ez duen gertakariren baten inguruan: beste behin kalteak eragin dituzte Kotxepin Kultur Etxean. Oraingoan kanpoko komuneko atea eta fatxadako hamar harri apurtu dituzte. Hori gutxi balitz, Elizondoko Kultur guneko leiho berrietako bat ere apurtu dute. 

“Argi eta garbi utzi gura dugu ez dela txantxetan hartzeko moduko kontua. Alde batetik, herritarrekiko errespetu falta galanta da gertatzen dabilena. Kotxepin Kultur Etxea ez da eraikin bat bakarrik; Lemoako herritarrentzako elkargune bat da, eta bere jarduerarekin lotutako hainbat balio landu gura ditugu: herri ikuskera bat helaraztea, errespetuan eta elkar lanean oinarrituko dena da haietako bat.  Gertakari hauek balio horien kontra doaz erabat. Bestalde, gertakari bandaliko horien kostua batuz gero, kopuru handia da; euro bat jada gehiegi litzateke, baina kasu honetan, kopurua handitzen doa, eta ez da zabaldu zenetik urte bat bete” azaldu du Eukeni Bikarregi alkateordeak.

Kotxepin Kultur Etxearen proiektuaren baitan aurreikusita zegoen segurtasun kamerak jartzea, baina pandemiaren eraginez eta osagai informatikoen hornidura krisiaren ondorioz, atzeratzen ari da horien instalazioa. Hala eta guztiz ere, sakoneko arazo baten sintoma moduan ulertzen du Lemoako Udalak gertatzen ari dena, eta dagokion garrantzia emanez landuko du gaia udal mailan, herriko eragile ezberdinekin bere kezka partekatuz eta hartu beharreko neurriak adostuz.