ESKAERAK JASOTZEKO EPEA OTSAILAREN 14EAN BUKATUKO DA, ETA LEMOAKO UDALAK 80.000 EURO BIDERATUKO DITU,TALDE GUZTIEN BEHARRAK ASETZEKO MODUKO KOPURUA.
Lemoako Udalak kultura eta kirol arloko diru-laguntzak aurkezteko deialdia iragarri du Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Aurreko urteetan bezala, 80.000 mila euroko kopurua bideratuko du Udalak. “Kopuru honekin Lemoako elkarteen beharrak asetzen ditugu, eta Lemoako kultura-, kirol- eta elkarte-sarearen aldeko apustua sendotzen dugu” azaldu du Ioritz Fernandez Kultura eta Kirola zinegotziak.
Proposamena aurkeztu ahal izateko, bi baldintza bete behar dituzte herriko taldeek:
- Irabazi asmorik gabeko erakunde edo elkarteak izatea, fundazioak barne, Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan izena emanda eta legez eratuta egotea, egoitza Bizkaiko Lurralde Historikoan izatea eta jarduerak Lemoako herritarrentzat zuzendutakoak izatea.
- Pertsona fisikoak izatea, noizbehinkako ekimenez talde baten ordezkari partikularrak direnak, irabazi asmorik gabekoak badira eta udalerrian bizi badira.
Urtero bezala, herriko taldeek kultura-teknikariaren aholkularitza izango dute, bidean sortu daitezkeen oztopo edo arazoak konpontzeko.