Atalak
UDALemoa [EUS]

Udaberriarekin batera loratuko da 2022ko LemoaKustikFest, eta lehen taldea iragarri da: Ibil Bedi

Gehiago irakurri titularraren gainean klikatuz

Musika, herritarrak eta herria elkartuko zituen ekintza bat falta zelako sortu zen LemoAkustik Fest. Ondorioztatu zen musika jaialdi baten beharra zegoela Lemoan, udaberrian ospatu zitekeena, gure herritarrei eta kanpokoei herria erakusteko aukera emango ziguna eta, aldi berean, ohikoak ez diren musika formatu eta kokalekuak erabili behar zirela.

Iazkoa berezia izan zen, pandemiak hala behartuta, udaberrian izan beharrean, udaren bueltan egin zelako. Aurten, baina, sorreran izan zuen espiritura bueltatu, eta udaberriko hitzordua berreskuratuko da.  Momentuz, festibaleko kartela eta lehen talde gonbidatua iragarri da: Ibil Bedi. Ibai Osinaga taldeko sortzailearekin hitz egin dugu.

IBAI OSINAGA – IBIL BEDI

“ASKO ESKERTZEN DIRA ONGI ANTOLATUTAKO FESTIBALAK, ETA, NOLABAIT, BESTE ZERBAIT ESKAINTZEKO APUSTUA EGITEN DUTENAK”

Ezagutzen duzue LemoaKustik Fest? Ze iradokitzen dizu festibal honek?
Festibala ezagutzen genuen, baina ez gara inoiz bertan egon. Kanpotik ikusita, asko eskertzen dira ongi antolatutako festibalak, eta, nolabait, beste zerbait eskaintzeko apustua egiten dutenak.

Konfirmatutako lehen taldea da Ibil Bedi. Zelan definituko zenuke taldea?
Ibil bedi pop talde bat da, edo horrela definitu dugu gure burua azkenaldian. Honek ez du esan nahi etiketa horretara mugatzen garenik, «pop» horren barruan aske ibili ahal izateko erabiltzen dugu etiketa, batez ere. Bost lagunek osatzen dugu taldea, eta zalantzez, maitasunaz, inguruan ditugun gauzei buruz kantatzen dugu. Gauza arruntak, azken finean.

Zer eskainiko duzue formatu akustikoan?
Printzipioz kontzertu normala eginen dugu, baina formazioak laguntzen duenez (saxoa, biolina, gitarra akustikoa…), formatu akustikoa beti agertzen da gure kontzertuetan.

– Sorpresa edo berrikuntzarik aurkituko du Kotxepin Kultur Etxera hurbiltzen denak? Lan berriren bat aurkezteko asmoa duzue, edo formatura egokitzen diren abestiak izango dira?
Beltxarga Beltza diskoaren aurkezpen bira bukatzear dago, eta hurrengo kontzertu hauetan diskoari merezi duen itxiera ematen saiatuko gara. Kantu berriak prestatzen gabiltza eta segur aski baten bat jotzeko moduan izanen gara. Gerturatzen denak deskubrituko du.