Atalak
UDALemoa [EUS]

Elkarrizketa: Ion Martinez Esnaola (Birritan Bortxatua antzezlanaren sortzailea)

Gehiago irakurri titularraren gainean klikatuz

“Euskal herrian indartzen eta azaleratzen ari den emakumeen indarkeriaren aurkako borroka honetan gure alea ipini nahi genuen”

Zer aurkituko du Kotxepinera zuen ikuskizuna ikustera hurbiltzen denak? 
Gizartean dugun errealitate gordin batekin aurrez aurre topatuko da ikusleagoa. Kasu honetan bortxatua izan den emakume batek salaketa jarri eta epaiketa nola biziko duen kontatzen duen drama potente bat da BIRRITAN BORTXATUA antzezlana.

Mimo eta ardura handiz egindakoa antzezlana da, eta fikzio dokumentalaren kategorian sartzen dugu, errealitatetik asko duelako. Nahiz eta gure historioa, guk sortutakoa den, epaiketan zehar egiten diren galdera gehienak benetako epaiketa ezberdinetatik ateratakoak dira, eta horrek egiten du antzezlana hain modu gordin eta errealean taularatzea.

Nondik dator lan honen ideia?

2016. urtean AMETS ZIRKOA SALGAI gure hirugarren antzezlana izan zenaren bidaia bukatutzat eman genuen 43 emanaldiren ostean. Atsedena hartzea zen helburua, baina nik beti dut burua bueltaka. Urte horretan bi kasu potente gertatu ziren gure inguruan, bat Iruñeko talde bortxaketa, eta bestetik Eibarko jokalarien sexu-bideo biralak. Honek guztiak, eta Nagore Laffageren erailketaren ondoren, Euskal Herrian indartzen eta azaleratzen ari den indarkeriaren aurkako borrokan gure alea ipini nahi izan genuen. Hoberen egiten dakigun bezala, gainera: antzezlan bat sortuz eta taularatuz. Antzerkia oso zuzeneko arte diziplina da, eta antzezlanean zehar sortzen diren sentimendu horiek guztiak ikusleak istant batean barneratzen ditu.

Ze balio landu nahi duzue antzezlan honekin?

Oteizak zioen bezala, arteak gizartea hezitzeko balio behar du, gizarteari talka eragin eta gizartea eraldatzeko. Modu itsuan sinesten dugu teoria horretan, eta poliki-poliki gure esparru txikitik hori lortzen saiatzen gara gure antzezlan guztiekin. Emakumearen bortizkeria eta urraketen aurrean gizarte bezala asko dugula hobetzeko, ahaztu gabe gizarte hori gu guztiok osatzen dugula. Batzuek botere gehiago edukiko eta beste batzuek gutxiago, baina denok dugu lanketa bat egiteko emakumeen eskubideen berdintasunaren alde. Bakoitzak jakin behar du zein den bere lanketa eremua eta ekintzekin aurrerapausoak eman. Guretzat, gure herriaren alde egiten dugun lan esparrua da euskaraz antzezlanak sortu eta Euskal Herri osotik mugitzea.

Pandemiaren ostean, hasi zarete berriro martxa hartzen taula gainean aritzen zareten sortzaileok?

Guk zorteko ikusten dugu geure burua, 2020ko otsailean estreinatzeko aukera izan baikenuen. Hori bai, uda baino lehen lotuta genituen zortzi emanaldi erori egin zitzaizkigun, bat baino gehiago betiko, baina udan bizpahiru egin genituen. Berriz ere antzezlanaren erritmora bueltatu ginenean udazkeneko bira egitea lortu genuen, hogei emanaldi inguru eginaz. Gaur arte, 35 emanalditik gora daramatzagu eta kontent gara, antzezlan honekin martxoan amets bat beteko dugulako: zazpi probintzietan antzeztea, 40. emanaldiarekin batera.