Atalak
UDALemoa [EUS]

Kattalin Ansorena – Mirri

Bizitzan barre egitea eta zorokeriak egitea gauza sanoa dela transmititu nahi dugu.

Txirri, Mirri eta Txiribiton izen oso ezagunak dira Euskal Herrian. Zergatik erabaki duzue izenari segida ematea? Zer mantendu duzue, eta non nabarituko da belaunaldi berriaren zigilua?

Betiko Txirri, Mirri eta Txiribiton telebistako programetan lanpetuta zebiltzanez, 2003. urtean Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior taldea sortu zen formatu txikiago batean, antzoki guztietara heltzeko asmoz.

Talde aldaketa egin beharra suertatu zen, eta guri esan ziguten ea ideiari jarraipena eman nahi genion. Hasi eta berehala, argi ikusi genuen horixe nahi genuela egin. 2013. urteko urtarrilaren 5ean, Igorren, azken emanaldia egin zuten Txirri, Mirri eta Txiribiton zaharrek gurekin batera; erreleboa pasa ziguten, eta Junior abizena kendu genuen. Pixkana, taldea geuretu dugu, berritu egin dugu eta pozik gaude.

“Zoro gaitezen” da ikuskizunaren izenburua. Zer aurkituko du Lemoako kiroldegira datorrenak?

Ikuskizun ganberroa aurkituko dute, Gag asko dituena. Familia osoak egingo du barre. Esketx desberdinak egiten ditugu, oso “klowneskoak” eta abestiekin tartekatzen ditugu: Paristik Natorren, Altza Pelipe, Zapi Zuria…

Zein balio landu gura dituzue Txirri, Mirri eta Txiribiton berri honekin?

Bizitzan barre egitea eta zorokeriak egitea gauza sanoa dela transmititzea da, guretzat garrantzitsuena. Denek barre egin ohi dute gure saioetan. Eredu ona eman nahi izaten dugu bestelakoetan ere: euskara zainduaz (ahalik eta aberatsena eta zuzenena eginaz), musika txukuna eta eraginkorra erabiliaz, megafoniaren kalitatea eta bolumena zainduaz…

Azken mezu bat Lemoako umeentzat.

Barruak askatu eta barre egin nahi baduzue, etorri. Irrikaz gaude zuenera joateko! Ekarri zapi zuria, edo, zapirik ez baduzue, ez ahaztu kulero zein galtzontzillo txukunak ekartzea, atera ahal izateko.