Atalak
UDALemoa [EUS]

Saioa Elejabarrieta – Lemoako Alkatea

Gehiago irakurri titularraren gainean klikatuz

“Hainbat proiektutan buru-belarri sartuta gabiltza: Arraibi auzoa, Kulturgunea, Kotxepin Kultur Etxea…”

Amatasun baimena bukatuta, udaletxera bueltatu da Saioa Elejabarrieta Lemoako alkatea. Ez da zerotik hasi, hilabete hauetan harreman etengabea izan baitu gobernu taldeko kideekin, batez ere Eukeni Bikarregi alkateordearekin.

Zelakoa izan da itzulera?

Ez da bat-bateko kontua izan. Eguneroko lanean egon ez naizen arren, izan dut proiektuen berri hilabete hauetan zehar. Nabarmendu nahiko nuke zinegotziek lan bikaina egin dutela denbora horretan.

Zeren falta sumatu duzu hilabete hauetan?

Lemoa herri txikia da, eta nahiz eta ez naizen udaletxean egon, kaletik ibiltzerakoan herritarrekin harremana mantendu dut, eta hori niretzat oso garrantzitsua da. Herritarrekin daukagun gertutasun hori funtsezkoa da guretzat, beti esan izan baitugu hanka bat udaletxean eta bestea kalean izan behar ditugula.

Zeintzuk dira hurrengo hilabeteetarako erronkak?

Ba egia esan hainbat proiektutan buru-belarri sartuta gabiltza: alde batetik Arraibi auzoko obra daukagu. Ziztu bizian doa, eta dagoeneko ikusten ari gara izango denaren zantzua. Auzoa guztiz eraberrituko da proiektu honekin, eta irisgarritasunaren ikuspuntutik arazo asko konponduko ditu.

Bestetik, Elizondoko kultur gunearen obra azken fasean sartuta dago. Kultur Lemoa proiektuaren baita kokatzen da, eta Gaztelekua, musika gela eta arte gela egongo dira bertan. Kulturarekin lotuta, ahalegin berezia egiten ari gara Kotxepin Kultur Etxean: bai programazio erakargarria lantzeko, bai bazkidetza kanpaina zabaltzeko. Lanean ari gara Arratia bailara osoan ezaguna izan dadin Kotxepin Kultur Etxea, ez Lemoan bakarrik.

Modu berean, herriko elkarteekin lanean ari gara diru-laguntzen aurtengo eskaera eta iazko justifikazioak aztertzen. Herriko taldeak beti izan dira lehentasuna udal gobernu honentzat, eta badakigu pandemian bizi izan dutenaren ondoren lanerako gogo handia dutela.