Atalak
UDALemoa [EUS]

Ane Han – Abeslaria

Gehiago irakurri titularraren gainean klikatuz

Zirrara goxoa sortzen dit nire proiektu  bat herrian bertan eta egun seinalatu horretan aurkezteak”

Ane Han izan da LemoaKustikFest-era begira aurkezten dugun bostgarren artista. Kasu honetan aurkezpen berezia da, lemoaztarra baita Ane Han izenaren atzean dagoen Ane Goienetxe.

Lemoaztar bat LemoaKustikFest-eko kartelean. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Ohore eta gogo handiz hartu dudan berria da. Urtez-urte indar gehiago eta oihartzun handiagoa eskuratzen dabil LemoaKustikFest. Horrelako agertoki baten abestea eta jotzea aukera polita da edozein euskal musikarirentzat, eta niretzat are bereziagoa lemoaztarra izanik.  “Etxean igeri egitea ez dela kontu erraza” irakurri nion behin Leire Bilbao idazleari. Esparru musikalera ekarrita, zirrara goxoa sortzen dit nire proiektu bat herrian bertan eta egun seinalatu horretan aurkezteak. Txoko berezi bat da musikarentzat, herriarentzat… eta  bertara hurbiltzen direnen berotasunarekin eta babesarekin etxean igeri egitea gozatzea izango da, ziur.

Zer dago “Ane Han” izenaren atzean?

Bakarkako proiektu baten izena eta hasiera da “Ane Han”. Orain arte hainbat urtetan beste talde batzuetan izan naiz kolaborazio lanetan, eta bestelako proiektuetan. Aspaldian buruan bueltaka izan dudan zerbait izan da bakarkako formatuan lanen bat egitea, baina ez nuen sentitzen unea zenik. Azkenean, sortze prozesua heldu zen pandemiak eragindako itxialdi sasoian, eta ordutik hona pixkanaka abestiak konposatzen, lantzen eta forma ematen ibili naiz. Oraindik labean dagoen EP bat kaleratuko dut laster, eta lan labur hori entzutean hitzekin baino hobeto ulertuko du entzuleak zer den “Ane Han”.

Zein da zuen apustu musikala? Zelan lantzen dituzu musika eta hitzak? Zer aurkituko du Kotxepinera hurbiltzen denak?

Bakarkako lan bat dela aipatu dut lehen, ni, Ane moduan, eta hala da konposizio faseari dagokionez. Baina Lemoako zuzenekoari begira ez nago bakarrik, banda bat izango dudalako nirekin batera jotzen. Abestiak sortzerako eta jorratzerako orduan, normalean letretatik abiatzen naiz, eta idazten dudan horrek melodikoki norabait narama. Batzuetan alderantziz gertatzen da, melodia bat buruan bueltaka dabil eta honek dituen ezaugarrien arabera letra bat edo beste bat dator. Esan behar dut, EP honetarako inspirazio iturri nagusia poesia bilduma  batetik datorrela, hain zuzen ere, Eva Perez-Pons lemoaztarrak argitaratutako “Zaharkitze programatua” liburutik. Kanta batzuetako hitzak bertakoak dira, berau irakurtzean abesti berrietarako melodiak etortzen zitzaizkidan burura, eta ezin ziren hor gelditu.

Estilo musikal desberdinetatik edan izan dut, eta uste dut horrek ikuspegi zabalago bat eman diola lehenengo lan honi; nahiz eta orokortu behar izanez gero, pop-rock estiloari oso lotuta egon. Euskal musikari askorengandik edan dut, eta nazioartera begira jarrita, nire abestietan zehar zertzelada argi batzuk ageri dira erreferentetzat ditudan artistenak (batzuk aipatzearren): Dolores O’Riordan, Janis Joplin, Adele, Jonh Mayer, Jimi Hendrix…

Kotxepinera hurbiltzen denak mimo handiz prestatutako lan baten aurkezpena entzuteko aukera izango du, lauko formatuan. Nire kasuan, ahotsetan, gitarran eta teklatuan izango naiz;  baina alboan gitarra elektrikoa, baxua eta bateria izango ditut. Erritmo lasai eta apaletatik hasita, agian sorpresaren bat edo beste ere hartuko du entzuleak.

Besterik gehitu nahi baduzu….

Ez nuke amaitu nahiko eskertu barik jaialdi honen atzean dauden antolatzaileak eta eurek egiten duten lana. Besteoi… animatu eta etorri!