Atalak
UDALemoa [EUS]

Jagon Lemoa: komunitatea eraiki, indartu eta parte-hartze aktiboa bultzatzeko proiektua

Gehiago irakurri titularraren gainean klikatuz

“JAGON LEMOA” LEMOAKO UDALAK SORTU BERRI DUEN ZAINTZA PROIEKTUA DA, MARTXOTIK AURRERA ABIAN JARRIKO DENA. PROIEKTU HONEN ARDATZ NAGUSIA ELKARBIZITZA DA, BALIOETAN OINARRITUTAKO ELKARBIZITZA EREDU BAT SARETZEA, HOBETZEA, ETA INDARTZEA, KOMUNITATEA ETA HERRIA ZAINTZEKO HELBURUAREKIN.

Asteazkenean herriko eragileekin egindako bilera

Herritar eta eragile guztiei zabalik egongo den proiektua izan nahi du Jagon Lemoak. Horretarako, proiektuaren fase ezberdinetan, adin tarte zein perfil ezberdinekin egingo da lanketa.

Oraingoan, lehen programa hau adin zehatz bati bideratuta dago, 11-14 urteko nerabeei, hain zuzen ere. Nerabeen inplikazioa ezinbestekoa izango den arren, harago joan nahi dugu, eta gazteen familian eta testuinguruan eragina izatea nahi dugu.

“Herrian suertatu diren egoera batzuk (Kotxepin Kultur Etxearen apurketak, esate baterako) baliatu nahi ditugu egoerari buelta eman eta balio positibo eta eraikitzaileetan oinarritutako komunitate eredua landu eta garatzeko. Horretarako, eragile ezberdinekin elkarlana landu eta parte-hartze aktiboa bultzatuko da”, azaldu du Saioa Elejabarrieta Lemoako alkateak.

Asteazkenean lehen bilera egin zen herriko eragile ezberdinekin, egoeraren berri eman eta euren ikuspuntua ezagutzeko. Lemoako alkatearen hitzetan, “bilera aberasgarria izan zen, nerabeekin lanean ari diren eragile eta elkarteekin kontrastea egiteko aukera eman baitzigun, eta guk daukagun kezka bera haiek ere badaukatela baieztatu ahal izan genuen. Bestetik, hasieratik argi utzi nahi dugu gure asmoa ez dela inor seinalatzea hatzarekin. Jagon Lemoa asmo eraikitzailearekin jaio den proiektua da, eta ez dugu sekula ikuspuntu hori galdu behar”.

Lehen bilera eginda, proiektuaren hurrengo urratsa programazioa martxan jartzea izango da. Programazio honen baitan tutoretzak, hitzaldiak eta ibilaldiak egingo dira, Lemoaren balioa nabarmentzeko asmoz.