Atalak
UDALemoa [EUS]

Yolanda Atxa Elordui – Psikologoa

Gehiago irakurri titularraren gainean klikatuz

Gurasoek seme-alaben ereduak izanik, gizakiak, ingurunea, gauzak eta herria balioesten irakasten diete

Jagon Lemoa proiektuaren baitan, Yolanda Atxa Elorduik bi hitzaldi emango ditu. Bat pasadan astelehenean egin zuen, eta bigarrena datorren astelehenean.

Zer aurkituko dute gurasoek Jagon Lemoa proiektuaren barruan emango duzun hitzaldian?

Elkarrekin eta denon parte-hartzea sustatuz, herritarren arteko zein herriaren zaintzari buruzko hausnarketan murgiltzeko aukera izango dugu. Horretarako, gure haur eta gazteak balioetan oinarritutako hezkuntzan heztearen garrantzia azpimarratuko dugu, eta denon konpromisoa funtsezkoa dela gogoratu. Elkarrenganako errespetua, iritzi eta jarduteko modu desberdinenganako tolerantzia eta herria komunitate bezala ulertzea abiapuntutzat hartuta, gure elkarrizketari ekingo diogu.

Zein da guraso eta balioen arteko erlazioa seme-alabei dagokionez? Zergatik dira balioak hain garrantzitsuak?

Balioetan hezteak gure haur eta gazteen jarrera eta jokabideei sendotasuna, zuzentasuna eta poztasuna ere eskaintzen die. Barneko oreka eta motibazioa mantentzen laguntzen die, eta haien bizitzari zentzua eman. Gurasoak seme-alaben eredu dira, eta haiek irakasten diete gizaki, ingurune, herri eta gauzak balioesten.

Hona hemen konfirmazio-adibide batzuk. Zein da zure iritzia?

Txikitatik umeari aukera eman diogu gura duena egiteko eta helduok, nahiz eta ados ez egon, hartutako aukera onartu dugu limiteak jarri gabe.

Hezitzaileok, eta gurasoak hezitzaileak zarete, haurrei bizitzan zehar sortzen diren baldintza desberdinen eta muga anitzen aurrean jokatzen irakatsi behar diegu. Zentzuzko muga barik haurrak ez dira askeak, haien eutsi ezinezko nahien gatibu baino. Aukeren aurrean haien hautaketak egitea egokia da, baina hautu bakoitzak norberarentzat zein besteentzat ondorioak dituela ulertu behar da, erabaki aproposenak hartu ahal izateko.

Lehen, heldu batek kargua hartu zezakeen kultur etxeko kristala apurtzeagatik, eta gurasoak bat egiten zuten helduarekin. Gaur egun, ostera, herritarrak ez dira ausartzen zerbait  apurtzen duenari kargu hartzen, gurasoak seme-alaben defentsan irteten baitira.

Oinarrizko balioak adostu eta partekatuz, denok bihur gaitezke komunitatearen eragile. Gure haur, nerabe eta gazte guztien erreferente izango gara, eta komunitatea hezitzaile bilakatuko dugu. Gure haurren defentsarako ez dago komunitate sendoa osatzea baino gauza hoberik.

Gaur egungo nerabeek beraien artean dituzten erlazioak nahiko bortitzak dira.

Kasu askotan horrela izaten da, baina horren jatorria zein den galdetu beharko genioke geure buruari. Gizakiok imitazioz ikasten dugu, eta nagusiok askotan ez gara eredurik onena, bizikidetzarako arauak maiz hausten baititugu baita elkarrekiko zaintza ahazten ere. Balioetan hezteak bortizkeria saihestu edo murriztu dezake.