Atalak
UDALemoa [EUS]

Rosane Serrano – Eskubaloi jokalaria

Gehiago irakurri titularraren gainean klikatuz

Eskubaloi baloi batekin egon naiz eskuetan txikitatik

ROSANE SERRANO LEMOAZTARRA BIDEA URRATZEN ARI DA ESKUBALOIAREN MUNDUAN, ETA HURRENGO HILABETEETARAKO ERRONKA GARRANTZITSUAK DITU AURRETIK, BAI BERE TALDEAREKIN, KUKULLAGA ETXEBARRI, ZEIN EUSKADI SELEKZIOAREKIN.

Nola ezagutu zenuen eskubaloia?

Ba txikitatik bizi izan dut eskubaloia. Nire amak ere klubeko lehen taldean jokatzen zuen,  eta txikitatik eraman izan nau partidak ikustera.

Zergatik eskubaloia eta ez saskibaloia, futbola edo esku pilota? Zergatik da desberdina eskubaloia zuretzako?

Ba nire ustez, eskubaloi baloi batekin egon naizelako eskuetan txikitatik. Hasiera batean, esan nezake nire amaren taldeko kideak izekotzat nituela, nolabait esatearren, eta orain, jokalari moduan, familia giro hori mantentzen dugu, ordu pila pasatzen ditugu elkarrekin eta kriston familia gara.

Zein izan da zure ibilbidea zauden mailara iristeko? Hau da, nolako ibilbidea egin izan da Euskadiko finalean kopa irabaztera iritsi arte?

Ba luzea izan da, ezin ukatu, irailean lortu genuen finalera heltzea, baina otsailean jokatu genuen. Denbora asko egon ginen partida itxaroten. Tarte horretan bestelako txapelketak eta entrenamendu asko izan genituen, finala behar bezala prestatzeko. Finala zaila izan zen, Elgoibarrek beti zail jartzen dizkigu gauzak eta, baina urduritasuna gainditu, eta behin lasaitutakoan eta partida on bat egin ostean, lortu genuen Kopa irabaztea.

 Zeintzuk dira laster bizi izango dituzun gertakariak kirolari bezala? Euskadiko selekzioarekin jokatzera joango zara Murtziara Estatuko Kadete Mailako Selekzio Autonomikoen Txapelketara…

Bai, hasiera batean urtarrileko lehenengo astean jokatu behar zen txapelketa, baina atzeratu egin da. Egia esan,   hautatzaileak nigan izan duten konfiantza aprobetxatzea espero dut.

Hori jokatu ondoren, taldearekin hitz-ordu garrantzitsuak ditugu: Kopa Bizkaia, Euskadiko Finala, eta Espainiako sektorea. Txapelketa hauetan egoteko txartela iaz lortu genuen. Orain, gure helburu nagusia aurrekoak irabaztea da, eta batez be, Euskadiko txapeldunak izatea, eta sektorea irabaztea Espainiako txapelketako fase finalera pasatzeko.